Frantzia

Sarkozyri hiru urteko espetxealdia ezarri diote, ustelkeriagatik

Zigorraren bi urte gibelamenduarekin dira, eta, hortaz, Frantziako presidente ohiak soilik urtebete pasatu beharko luke kartzelan; halere, presondegian ez sartzeko aukerak izango ditu. Helegitea aurkeztuko duela jakinarazi du.

Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohia, artxiboko irudi batean. EFE
ander perez zala
2021eko martxoaren 1a
14:26
Entzun

Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohiari (2007-2012) hiru urteko espetxealdia ezarri diote, ustelkeriagatik eta trafiko influentziagatik. Halere, zigorraren bi urte gibelamenduarekin dira, eta, hortaz, soilik urtebeteko kartzelaldiari egin beharko dio aurre. Haren abokatu Thierry Herzogi eta Kasazio Auzitegiko epaile izandako Gilbert Aziberti ere zigor berberak jarri dizkiete.

Epaileek frogatutzat jo dute Frantziako presidente ohiak zin egin ziola Aziberti ahal zuena egingo zuela Monakoko postu garrantzitsu bat lor zezan, trukean hari buruz sekretupean zegoen informazio bat helarazten bazion; Christine Mee epailearen arabera, «ustelkeria itun bat» egin zutela dioten froga argiak egon dira.

Sarkozyk jakin nahi zuen zer egoeratan zen 2007. urteko presidentetzako hauteskundeetako kanpainaren finantzaketa irregularrari buruzko haren kontrako ikerketa. Ustez, garai hartan eskuindarren hautagai izan zenak dirua jaso zuen Muammar Gaddafi Libiako agintaria zenarengandik.

Auzitegiak zigortuari leporatu dio «[Frantziako] Errepublikako presidente ohi estatutua eta karguan zegoenean osaturiko harreman politiko eta diplomatikoen sarea erabili izana bere interes pertsonalen zerbitzura izandako epaile bat saritzeko». 

Sententziaren arabera, Sarkozyk soilik urtebete pasatu beharko luke kartzelan. Halere, hori saihesteko aukerak izango ditu, hamabi hilabeteak beste baldintza batzuekin beteta; kasurako, etxean konfinatuta edo eskumuturreko elektroniko batekin. Frantziako estatuburu izandakoak jakinarazi du helegitea aurkeztuko duela ezarri dioten zigorraren aurka; fiskaltzak lau urteko kartzelaldia eskatu zuen, bi urteko gibelamenduarekin.

Epaitu duten kasuari Bismouth auzia esaten diote, 2014an jakin baitzuten Frantziako presidente ohiak beste linea bat zuela kontratatua Paul Bismouth izena erabilita; zenbaki hori erabili zuen abokatuarekin gaiari buruz hitz egiteko, akusazioaren arabera.

Gaurko zigorrak eragina izango du Frantziako estatuburu ohiaren etorkizun politikoan. Datorren urteko presidentetzarako hauteskundeei begira, LR Errepublikanoak alderdiko sektore batzuek nahi dute hura izan dadila hautagaia, nahiz eta 2012ko bozak galdu egin zituen bigarren itzulian, eta 2016koei begirako primarioetan presidentegai aukeratu ez zuten arren.

Eskuindarrak hautagai sendo baten faltan daude, eta, nahiz eta kargudun batzuek beren burua aurkeztu duten, askok begi onez ikusten dute Sarkozy berriz aurkeztea, herritar askoren artean ospe handia duelako eta oinarri elektoral fidela duelako.

Beste epaiketa bat hilaren 17an

Beste hainbat kasuren artean, Sarkozyk Bygmalion afera entzutetsuari ere egin beharko dio aurre: 2012ko presidentetzarako hauteskundeetako kanpainan finantzaketa irregularra izatea leporatu diote —Alderdi Sozialistako François Hollanderen aurka galdu zuen bigarren itzulian—.

Epaiketa horretan argituko dute UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasunak eta Bygmalion komunikazio enpresak faktura faltsuak sortu ote zituzten 20,5 milioi euroko gainkostua ezkutatzeko; izan ere, alderdiek gehienez 22,5 milioi euro gasta ditzakete kanpainan. Epaiketa hilaren 17an abiatuko dute.

Bigarren aldia da Frantziako presidente ohi bat zigortu dutela. Jacques Chirac agintea utzi eta lau urtera zigortu zuten (2011), Parisko auzapez zenean (1977-1995) egindako ekintzengatik —fikziozko enpleguak sortuz diru publikoa desbideratzea egotzi zioten—. Bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten, gibelamenduarekin, eta ez zuten kartzelan sartu. Aldiz, Sarkozy ustelkeriagatik epaitu duten V. Errepublikako lehen estatuburua izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.