Katalunia

Kataluniako Fiskaltzak auzitara eramango du Parlamentuko Mahaia, monarkia gaitzesteagatik

Desobedientzia egotzi diete joan den legegintzaldian Kataluniako Parlamentuko presidente izandako Roger Torrenti eta mahaiko kide subiranistei, Espainiako Auzitegi Konstituzionalari jaramonik ez egiteagatik.

Torrent Kataluniako Parlamentuan, joan den astelehenean. MARTA PEREZ / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko martxoaren 1a
14:31
Entzun

Kataluniako Fiskaltzaren arabera, Kataluniako Parlamentuak legez kanpoko bi ebazpen onartu zituen joan den legegintzaldian: bat, autodeterminazio eskubidearen aldekoa, eta bestea, monarkia gaitzesten zuena. Fiskalek azaldu dutenez, parlamentuko idazkari nagusiak eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak jakinarazi zieten legez kanpokoak zirela ebazpen horiek, baina ez zien jaramonik egin Parlamentuko Mahaiak.

Hori dela eta, fiskaltzak auzitara eramango ditu Roger Torrent joan den legegintzaldian parlamentuko presidente zena eta mahaiko gainontzeko kide subiranistak: ERCko Adriana Delgado, eta JxCko Josep Costa eta Eusebi Campdepadros. Desobedientzia egozten diete laurei, Auzitegi Konstituzionalari entzungor egiteagatik.

Fiskaltzak Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian jarri du salaketa; izan ere, joan den otsailaren 14ko hauteskundeetan berriro eskuratu zuten eserlekua Torrentek eta Campdepadrosek; ondorioz, forudunak dira oraindik ere biak. Jose Joaquin Perez de Gregorio eta Assumpta Pujol fiskalen arabera, konstituzionalak zuzenean eman zizkion abisuak Torrenti, 2019ko urriaren 10ean eta 16an; argi jakinarazi zioten presidentearen betebeharra zela parlamentuan aurkezten zen legez kanpoko edozein egitasmo eragoztea. 

Fiskalek diotenez, jakinaren gainean egonda ere, parlamentuko mahaiak onartu egin zuen urriaren 22an ERCk, JxCk eta CUPek aurkeztutako ebazpen bat. Hiru alderdiek honela zioten idatzian: «Parlamentuak diputatuek nahi bezainbestetan babestuko dute autodeterminazio eskubidea, baita Kataluniako herriak bere etorkizun politikoa erabakitzeko duen subiranotasuna ere». Ebazpen berak bazuen beste puntu bat, zioena diputatuek nahi bestetan gaitzetsi ahalko zutela monarkia. Parlamentuak 2019ko azaroaren 26an onartu zuen ebazpen hori.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2015eko azaroaren 9an onartu zuen agindu bat, esanez debekatu egin behar zela «bide orri independentista garatzen» lagun zezakeen edozein ebazpen.

Monarkiaren ustelkeria ezkutatzeko saiakera

Torrentek fiskaltzaren erabakia jakin bezain pronto idatzi du Twitterren. Parlamentuko presidentearen arabera, salaketa ez da «Espainiako monarkiaren ustelkeria ezkutatzeko saiakera bat» besterik: «Parlamentuan edozertaz hitz egitea bermatu dugu guk, eta horrela izan behar du aurrerantzean ere. Eztabaidak estaltzen saiatzen diren arren, ezin dituzte ezkutatu monarkiaren ustelkeria kasuak, ezta autodeterminazioa defendatzen jarraituko dugun eskubide bat dela ere».

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak ere babesa erakutsi die mahaiko kideei, eta salaketa demokraziaren aurkako eraso bat dela adierazi du: «Berdin du nork agintzen duen Madrilen: Kataluniako proiektu demokratikoa suntsitu nahian jarraituko dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.