Klima larrialdia

Londresen tamaina duen iceberg bat askatu da Antartikan

1.270 kilometro karratu ditu askatu den izotz zatiak. Duela hamar urte azaldu ziren lehen pitzadurak, eta ostiralean hasi zen askatzen izozmendia. 

Askatu den izotz zatia, otsaila erdialdean ateratako argazkian. BRITISH ANTARTIC SURVEY
2021eko martxoaren 1a
17:18
Entzun

1.270 kilometro karratuko iceberg erraldoi bat askatu da Antartikan, Wedell itsasoan. Zientzialariek duela hamar urte atzeman zituzten lehen pitzadurak izozmedian, eta ostiralean hasi zen askatzen. Brunt izotz geruzatik askatu da, eta azken hamarkadan izotz geruza horretatik bereizi den hirugarrena da. 

Askatutako zatia BAS British Antartic Survey ikerketa taldearen Halley VI estazio zientifikotik 20 kilometrora dago, eta, hori dela eta, estazioan lan egiten zuten hamabi zientzialariak handik atera zituzten otsailaren erdialdean. BASeko zuzendari Jane Francisek nabarmendu duenez, aspalditik susmatzen zuten izotz zatia bereiziko zela, eta, horregatik, ikerketa taldea prest zegoen edonoiz handik alde egiteko. 

Orain, ikerketa taldea aztertzen ari da izotzak nora joko duen hemendik aitzinera. Francisek nabarmendu duenez, bi hipotesi dituzte izotzaren norabideari buruz: egungo tokitik aldenduko delako hipotesia, eta Brunt geruzatik mugitu gabe geratuko delakoa. Askatutako izotz zatia aztertzeaz arduratuko da hemendik aitzinera taldea, eta, gainera, gainerako geruzan duen eragina ere ikertuko dute. 

2017an oraingoa baino izotz geruza handiagoa askatu zen Wedell itsasoko mendebaldean. Orduko hartan, hainbat zatitan puskatu zen izotz puska erraldoia, eta, zientzialarien arabera, egunero 2,5 zentimetro urtzen ari dira zati bakoitzetik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.