Khaxoggi

Saudi Arabiako printzea salatu du RSF elkarteak, kazetariei jazartzeagatik

Jamal Khaxoggiren hilketan eta beste 34 kazetariren kasuetan oinarritutako txosten bat aurkeztu du RSF Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak, Alemaniako auzitegi batean. Mohamed Bin Salman Saudi Arabiako printze oinordekoari eta haren gobernuko beste zenbait kideri gizadiaren aurkako krimenak egotzi dizkie.

Jamal Khaxoggiren hilketa salatzeko Saudi Arabiaren Alemaniako enbaxadan egindako protesta bat, iazko urrian, Berlinen. HAYOUNG JEON / EFE
Julen Aperribai.
2021eko martxoaren 2a
11:53
Entzun

Alemaniako Karlsruhe hiriko auzitegi federaleko fiskalburuari 500 orriko txosten bat aurkeztu dio RSF Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak, eta Saudi Arabian kazetarien aurkako jazarpena «orokorra eta sistematikoa» dela jaso dute bertan. 35 kasutan oinarritu dute txostena, eta horietako bat da Jamal Khaxoggi kazetariaren hilketa. Atxilotutako eta kartzelatutako kazetarien kasuak dira gainerakoak.

RSFk azaldu du gizadiaren aurkako krimenak pairatzen dituztela Saudi Arabiaren aginduz atxilotzen dituzten kazetariek, eta horietako zenbait zerrendatu ditu: homizidioak, torturak, sexu indarkeria, desagerpenak, askatasunaren kontrako erasoak eta jazarpena. Adierazi du mehatxupean daudela erregimenaren aginduz preso hartutako Saudi Arabiako kazetari guztiak; eta, bereziki, gobernua auzitan jartzen dutenak.

Horien bultzatzaile izateagatik, erakundeak gizadiaren aurkako krimenak leporatu dizkie Saudi Arabiako printze oinordeko Mohamed Bin Salmani eta haren inguruko beste lau funtzionariori. Horien artean dago printze oinordekoaren aholkulari ohi Saud al-Qahtani. Herrialde horretako gobernuak kazetariei erasotzeko eta isilarazteko hartzen dituen neurrien erantzule egin ditu RSFk bost lagun horiek.

Joan den astean, AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentralaren txosten batek Jamal Khaxoggiren hilketarekin lotu zuen Bin Salman. Txosten horretan ziotenez, Khaxoggi hil zutenean Bin Salman zen herrialdeko agintari gorena, eta haren gertuko aholkulariek eta segurtasun langileek parte hartu zuten hilketan. RSFren ustez, txosten horrek berresten du kazetarien eta herritarren aurka Saudi Arabian egindako krimenak printze oinordekoaren borondatez gauzatzen direla eta sistema politiko baten parte direla.

Alemaniako Justiziarekin itxaropena

RSFk ohar batean azaldu duenez, Alemaniako Justiziara jotzea erabaki dute, «horrelako salaketa bat jasotzeko» egokiena hori dela iritzita, uste baitu «nazioartean egindako krimenak epaitzeko eskumena» duela, eta Alemaniako auzitegiek hainbatetan adierazi baitute «nazioarteko kriminalak prozesatzeko borondatea». Gainera, RSFk azaldu du Alemaniako Gobernuak eskatua duela Khaxoggiren kasua eta Raif Badawi blogariarena —zortzi urte daramatza preso— argitzeko, eta prentsa askatasunaren nahiz kazetariak babestearen alde egin izan duela.

Prentsaren aurrean aurkeztu du txostena erakundeak, gaur goizean. RSFren Alemaniako zuzendari Christian Mihrek nabarmen du zein garrantzizkoa den txostenak jasotakoa ikertzea. «Mundu guztian gauza berria litzateke Alemanian ikerketa bat zabaltzea Saudi Arabiak gizadiaren aurka egindako krimenen inguruan», adierazi du. Alde horretatik, fiskalburuari eskatu dio egoera azter dezala, «ikerketa formal bat garatu ahal izateko eta atxilotze aginduak emateko». Horretarako aurrekaritzat hartu du Mihrek joan den astean Koblenz hiriko auzitegi batek Siriako zerbitzu sekretuetako kide ohi Eyad Alghareibi jarritako zigorra. Lau urte eta erdiko zigorra ezarri zioten, Baxar al-Assaden agintepean egindako krimenengatik.

Saudi Arabian kazetarien aurkako krimenak modu orokorrean aztertzea eskatzen duen lehen salaketa da gaur aurkeztutakoa, Cristophe Deloire RSFko idazkari nagusiak zehaztu duenez, eta adierazi du ikerketa formal bat zabaltzea dela helburua, erantzuleak identifikatzea eta epaitzea. Horregatik, "historikotzat" jo du egindako urratsa. Aitortu du auzia luzatu egingo dela, baina, era berean, Alemaniako Justiziak txostena aintzat hartuko duela uste du.

Hatice Cengiz ikertzaile eta Khaxoggiren bikotekideak adierazi du «egia azaleratu» dela kazetariaren kasuan, baina hori ez dela nahikoa, eta hilketaren egileak «auzipetzeko eta zigortzeko» eskatu du: «Ezin dugu onartu hiltzailearen aurka ezer ez egitea, berriz gertatzeko arriskua baitago». Horregatik, ikerketaren barruan bere testigantza emateko borondatea agertu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.