Osasunako lehendakari ohi Miguel Artxanko inputatu dute, enbargoa eragozteko dohaintzak egiteagatik

Artxankorekin batera, haren emaztea eta bi semeak ere inputatu dituzte. 'Osasuna auziko' enbargoei ihes egiteko dohaintzak egitea leporatzen diete. 

Miguel Artxanko 'Osasuna auziko' epaiketan. JESUS DIGES/ EFE
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko martxoaren 2a
12:59
Entzun

Osasuna auziagatik zigortutako Miguel Artxanko eta haren emazte eta  bi semeak inputatu ditu Iruñeko Instrukzio Auzitegiko 2. salako epaileak. Bere ondarea babesteko ondasunak semeen eta emaztearen izenean nahita jarri izana egozten diote Artxankori, Osasuna auziagatik zigortu zezaketela eta. Auzitegiak 2014an ireki zuen auzia, eta 2015ean artxibatu zuen, Artxankok martxan zituen auzietan sententzia eman arte. Iragan urteko apirilaren 23ean zigortu zuen Nafarroako Auzitegiak Artxanko, eta horren ondotik etorri da berriz ere kausa hori irekitzeko prozedura.

Epaileak adierazi duenez, Artxanko jakitun zegoen Osasunako zuzendaritza karguan egiten ari zen delituez. Delitu horietatik etor zitezkeen diru erantzukizunei ihes egiteko asmoz, 2014ko irailean eskritura publiko bat egin zuen, emaztearekin batera osatzen zuen ezkontza sozietatea hausten zuena. Hala, ordura arte bienak ziren ondasunen parte handi bat emaztearen esku geratu zen.

Artxankoren esku geratu ziren Iruñean zuten etxebizitza bat eta garaje bat. Emaztearen esku, berriz, familia bizi zen etxebizitza, eta Iruñean eta Donostian zituzten bi garaje. Denera, 254.000 euroan baloratu zuten Artxankoren esku geratutakoa, eta 454.000 euroan, berriz, emaztearen esku geratua. Eskritura berean adostu zen 200.000 euroko soberakina Osasunako presidente ohiak emazteari egiten zion «dohaintza» gisa hartzen zela, eta hark «eskertuta» onartzen zuela. 

Egun berean, Artxankok bere zuen etxebizitza dohaintzan eman zion semeetako bati, eta bertze higiezin baten jabetza soilaren erdia bertze semeari.

Horiek horrela, Osasuna auziagatik epailea hiru milioi euroren erantzukizun zibilak ziurtatzeko ondasunak aurkitzen hasi zenean, 129.177,48 euroren ondasunak baino ezin izan zituzten aurkitu haren izenean.

'Osasuna auzian' zigortua

Iazko apirilean, Miguel Artxanko Osasunako presidente ohiari sei urte eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion auzitegiak, bidegabeko jabetzeagatik, kontuak faltsutzeagatik eta kirol ustelkeriagatik. Gainera, 900.000 euroko isuna ordaintzeko zigorra jarri zion kirol ustelkeriagatik. Auzi hartako bederatzi zigortuek 2,340 milioi euro eman beharko dizkiote Osasunari kalte ordainetan, hots, 2012tik 2014ra klubeko altxortegitik modu irregularrean atera zuten diru kopurua. Artxanko, gainera, klubari 1.000 euro itzultzera zigortu zuten, dietak behar ez zen bezala kobratzeagatik. 

Hori gutxi ez, eta 2020ko irailean Nafarroako Probintzia Auzitegiko 2. salak bi urte, lau hilabete eta hamabost eguneko espetxe zigorra eta 2.666.950,67 euroko isuna ezarri zizkion Artxankori, Ogasun Publikoaren aurkako bost delituren egile gisa. Erantzukizun zibil moduan, Nafarroako Zerga Ogasunari 6.838.018 euroko kalte ordaina ordaintzera kondenatu zuten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.