Nafarroan asteon 4.200 adinekori txertoa jartzeko asmoa dute

90 urtetik gorako andre eta gizonei eginda diete txertaketarako deia, eta hainbat gune atondu dituzte horretarako

arantxa iraola
2021eko martxoaren 2a
13:27
Entzun

Hasi dute Hegoaldean 90 urtetik gorako pertsonen txertaketa; atzo hasi zuen Osakidetzak; gaur Osasunbideak. Eta helburu zehatz bat adierazi dute Nafarroako osasun agintariek: asteon 4.200 adineko pertsonari jarri nahi diete txertoa. Txertaketarako guneak antolatu dituzte horretarako. Iruñerrian jardun dute gaur, Azpilaga auzoko kiroldegian, eta Arrotxapekoan. Lizarran eta Tuteran ere jarri nahi dituzte bihar. Oraingoz txertaketarako deia jaso duten adineko gehienen partetik «erantzun ona» jaso dutela adierazi dute osasun agintariek, eta pozik daudela. Zehaztu dute heldu den astean Nafarroako landa guneetara eraman dutela txertoa adinekoei jartzeko programa hau.

Gaur, halaber, 11:30 aldera eman diete era Osasun Saileko prentsa arduradunek hedabideei Donostian, Illunben, txertoak jartzeko jarri duten gunera joateko. Osakidetzak jarri duen era horretako lehen gunea da, eta kazetariz eta argazkilariz bete da. Txertoa jartzera ere jendea agertu da, tantaka-tantaka, bakoitza osasun sistemak emandako orduan joan baita. «17:00ak arte egongo gara hemen», adierazi dute osasun sistemako arduradunek. Gaur bertan 260 pertsona inguru txertatzeko asmoa dutela esan dute, eta aste osoan erritmo berean jarraitzeko helburua dutela. AstraZeneca konpainiaren txertoa jartzen ari zaizkie gune horretan denei; 55 urtetik beherakoei ematen ari zaizkie txerto hori, ez baitago behar bezala probatuta pertsona adintsuagoetan.

Gaur txertoa hartzera, batez ere, irakasleak deitu dituzte. Abian da arlo horretako profesionalen txertaketa, Haur Hezkuntzan eta Heziketa Berezian ari diren hezitzaileak lehenetsita, eta, txertaketa gune hau irekita, prozesua bultzatzera egin nahi du osasun sistemak. Beste hainbat arlo profesionaletako pertsonak ere txertatu dituzte gaur Illunben; esaterako, udaltzainak.

Gotzone Sagarduik adierazi du gaur Gipuzkoan urratu duten bide hau bera Bizkaian eta Araban ere beharbada aztertuko dutela. Zehaztapen gehiagorik ez du egin.

Osakidetzak atzo jarri zuen martxan 90 urtetik gorakoen txertaketa. Nafarroan gaur hasi dira. Gaur, Azpilaga auzoko kiroldegia erabiliko dute; bihartik, Arrotxapekoa ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.