Albiste faltsuak

EITBk ukatu egin du «txortaketa» hitza erabili izana 'Ahoz aho' saioan

Hedabide publikoak adierazi duenez, atzotik sare sozialetan bolo-bolo dabilen irudia «faltsua» da.

Irudi faltsuetako bat.
2021eko martxoaren 2a
13:58
Entzun

Whatsappen, Twitterren, Facebooken... Bolo-bolo zabaldu zen atzo arratsaldean ETB1eko Ahoz aho saioko ustezko irudi bat. Gaurtik Donostiako Ilunben egitekoak diren txertaketa kanpainaren inguruan aritu ziren Saioa Martija eta Ilaski Serrano ETB1en aurkezten duten saioan. Sareetan zabalduriko bideoan, ordea, pantailan ikusten den azpidatzian «Lehen txertaketa masiboa» jarri beharrean, «Lehen txortaketa masiboa» irakur daiteke.

«Ez, ez da egia ETB1eko Ahoz aho saioak txortaketa hitza erabili duela», izenburua duen albistea argitaratu du EITBk gaur. Hedabide publikoak azaldu duenez, irudiak «aldatu» egin dituzte, eta gero zabaldu «EITB Mediaren oker bat izan balitz moduan».

Azaldu dutenez, «Illunbeko txortaketa» eta «lehen txortaketa masiboa» esamoldeak agertzen dira irudiotan, baita «bihartik aurrera hasiko dira txortatzen irakasleak, jantokiko begiraleak edota udaltzainak», eta «Osakidetza Donostiako Illunben gertatzen ari da, bihar txortaketa masibo bati ekiteko» esaldiak ere. «EITB Mediak, ordea, EITB Nahieran atarian saio horren emisioko irudiak berrikusita baieztatu duenez, irudiok faltsuak dira».

Hala ikusten da jatorrizko bideoan.

Lehen ere egin dituzte albiste faltsuak euskal hedabideen izena erabilita. Iazko martxoaren 10ean, sagardotegi garaia bertan behera geratu zela zabaldu zen sare sozialetan, BERRIAren albiste baten itxura duen irudi bat erabilita. Orduan, albiste faltsuaren egileek Astigarragan sagardo garaiari hasiera emateko eginiko aurkezpenaren inguruko albiste bat eraldatu zuten.

BERRIAk bere webgunean eta sare sozialen bidez eman zuen gezurraren berri.

Edonola ere, Gipuzkoako sagardotegiak itxi egin zituzten hiru egun geroago, izurriarengatik. Orduan, bai, egiazko albiste bat izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.