Kaledonia Berria

Independentistek denbora gehiago behar dute presidentea aukeratzeko

Kaledonia Berriko Gobernua bigarrenez elkartu da gobernuburua hautatzeko, baina inork ez du lortu gehiengorik. Kongresuko presidentearen arabera, «egun gutxiko kontua» izango da.

Kaledonia Berriko Gobernu berria. Ezkerretik hirugarrena da Samuel Hnepeune enpresaria (UC-FLNKS eta EOren zerrendaburua), eta bosgarrena Louis Mapou UNIren zerrendaburua. N. VINCENT / KALEDONIA BERRIKO KONGRESUA
ander perez zala
2021eko martxoaren 2a
16:24
Entzun

1998an Noumeako Akordioa sinatuz geroztik lehen aldiz, gehiengo independentistako gobernu bat dute Kaledonia Berrian, baina Frantziatik ateratzearen aldekoen arteko adostasunik ezak atzeratu egin ditu presidentearen eta presidenteordearen aukeraketak. Koalizioko 11 kideak bigarrenez elkartu dira gobernuburua hautatzeko, baina oraingoan ere inork ez du gehiengorik lortu; independentistek, halere, uste dute ados jarriko direla, eta horregatik eskatu dute denbora gehiago negoziatzen jarraitzeko.

Gaurko bozketan hautagai berberak aurkeztu dira gobernuburu kargurako. Batetik, AEC Etorkizuna Konfiantzaz loialistako Therry Santa, 2019ko hauteskundeetatik hona presidente izandakoa; bestetik, UC-FLNKS Kaledoniar Batasuna-Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakaren eta EO Ozeaniako Esnaldiaren zerrendaburu Samuel Hnepeune; eta, azkenik, UNI Independentziarako Batasun Nazionalaren Kongresuko talde parlamentarioko buruzagi eta zerrendaburu Louis Mapou. Emaitzetan ez da aldaketarik izan, hiruretako inork ez baitu lortu botoen gehiengoa: Santak lau eskuratu ditu, eta Hnepeunek eta Mapouk, hiruna —gutxienez sei behar dira—.

Iragan asteburuan, Kongresuko presidente Roch Wamytanek adierazi zuen elkarrizketen auzia «egun gutxiko kontua» izango zela, baina aitortu zuen «ziurrenik» gaurko ez zutela ezer adostua izango. Azkenean, hala gertatu da, baina UC-FLNKSko Gilbert Tyuienon baikor agertu da negoziazioei begira: «Denbora hartzen ari gara orekarik onenak izateko».

Duela bi aste aukeratu zuten Kaledonia Berriko Gobernua. Bozketan ezustekoa izan zen, UNIk espero baino bi boto gehiago lortu zituelako eta, hortaz, koaliziorako ministro bat gehiago eskuratu duelako. Horrek berdinketa bat sortu zuen independentziaren aldekoen artean, aurreikusi bezala, UC-FLNKSren zerrendako hiru hautagai hautatu zituztelako.

UNIkoentzat, Hnepeuneren profilak sortzen du gatazka, gaurko bozketaren ostean koalizio horren parte den Palika alderdiko eledun Charles Washetinek berretsi duenez: «Hnepeunerekin, alfonbra gorria jartzen diogu patronalari. [...] Ikuspegi historiko eta ideologiko batetik begiratuta, guretzat ezinezkoa da [haren alde bozkatzea]».

UC-FLNKSren eta EOren zerrendaburua lehen aldiz sartu da politikan. Medef-NC Frantziako Enpresen Mugimenduaren Kaledonia Berriko adarraren presidentetza utzi du horretarako, eta, Ozeaniako uharteetako gobernuburu kargua lortuko balu, laster utziko luke ere Air Caledonie hegazkin enpresan daukana. Bere hautagaitza aurkeztu duten alderdien asmoa «gizarte zibileko hautagai bat» aurkeztea zen, eta printzipioz, presidentegai horri eutsiko diote.

Kaledonia Berriko Gobernuak hilabetea amaitu baino lehen aurkeztu behar du aurrekontua, eta, data horri begira, independentistei geroz eta presio gehiago egiten ari dira ahalik eta azkarrena jarri daitezen ados. Deskolonizazio prozesuko hirugarren eta azken erreferendumari begirako elkarrizketa faltak eta hegoaldeko Goro hirian dagoen nikel plantaren salmentak sorturiko zalapartak aspaldian ikusitako krisi politikorik handiena eragin dute Ozeaniako uharteetan, eta horren harira erori zen aurreko gobernua, otsailaren 2an.

«Akordio berri bat» 2022tik aurrera

2022an egingo duten galdeketaz mintzatu zen Sebastien Lecornu Frantziako Itsasoz Haraindiko ministroa iragan igandean, Le Journal du Dimanche astekarian idatzitako zutabe batean. Haren iritziz, independentistak eta loialistak «akordio berri batera» heldu behar dira, erreferendum horren emaitza edozein dela ere: «Statu quo-a ez da posible. [Frantziako] Estatua, akordioen bermatzailea, prest dago [itun berri bat egiteko]».

Deskolonizazio prozesuko lehen galdeketa 2018an egin zuten, eta bigarrena, iaz; bietan, Frantzian jarraitzearen aldeko jarrerak irabazi zuen, baina kontsulta batetik bestera txikitu egin zen baiezkoaren eta ezezkoaren arteko tartea. Iragan urriaren 4koan, Kaledonia Berriko herritarren %46,74 independentziaren alde agertu ziren; duela hiru urtekoan, berriz, %43,33.

Azken erreferendumaren emaitzaz, Frantziako Itsasoz Haraindiko ministroak uste du Kaledonia Berriari «beste estatus bat eman beharko» zaiola ezezkoak hirugarrenez irabazten badu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.