Literatura

'Esaten dugun argia' poesia lana eman du Linazasorok

Idazlearen hamahirugarren poema liburua da, mardula tamainan. Askotariko gaiak tonu argitsuz eta bizitza ospatzearen aldeko bulkada batez bildu ditu. Elkarrek kaleratu du.

Karlos Linazasoro idazlea, 'Esaten dugun argia' bere lan berriena eskuetan hartuta, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
itziar ugarte irizar
2021eko martxoaren 2a
16:29
Entzun

Karlos Linazasororen (Tolosa, Gipuzkoa, 1962) obra zabala xehe begiratzen hasi, eta apenas dago idazleak landu gabeko generorik. Eman ditu ipuinak, antzerkia, eleberria, haur eta gazte literatura, aforismoak... «Kentzen baldin badituzue nobela historikoa, nobela grafikoa eta nobela luzea, ia-ia esango nuke beste genero guztiak landu dituela», adierazi du horregatik, ironiaz, Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak. Bai prosan eta bai poesian laburrean aritzea duela maiteen zehaztu du, eta haren lan guztiek «Linazasororen unibertsoa» osatzen duten arren —«inteligentea, zorrotza, hizkuntzaren erabilera neurtu eta trebekoa»—, unibertso hori bi tonutan bereizten duen alde bat badela aipatu du: prosan umore garratz eta mundu ikuskera ilunago bat agertzen badu, kontrakoa antzeman daitekeela Linazasororen poesia lanetan. Mendiguren: «Bizitzaren ospakizun bat dago haren poemetan, biziaren aldarrikapen bat, ikuspuntu askoz argiago eta baikorrago bat». Horren «erakusgarri edertzat» aurkeztu dute, hain zuzen, Esaten dugun argia, Linazasororen lanik berriena.

Mendigurenek aipatutako alde horri heldu dio idazleak ere. Erantsi du beti uste izan duela pertsonak bere baitan beste pertsona asko daramatzala, kontrajarriak askotan, eta iradoki du bere baitako horien artean, ez direla berdinak prosa eta poesia idazten dutenak; «aldarte» ezberdina eskatzen diolako bakoitzak. Linazasoro: «Poesian ateratzen zaizkit naturaren handitasuna, bizitzaren ospakizuna, maitasuna, eta sakoneko beste gai batzuk: heriotza, denbora eta 58 urte izateak sortzen dizkidan bestelako kezkak».  

Eta, hala ere, izenburuan bertan jaso duenez, argirantz begira ondutako liburu bat dela defendatu du egileak. «Hitz egiten da denborarekin eta heriotzarekin ditugun zorrei buruz, baina batez ere agertzen da non sortzen den poza, non edertasuna, non bizia, non argia. Esango nuke liburu hau nire beste poema liburuak baino argitsuagoa dela; poz gehiago dago».

Poesia idazterakoan gogoan izan ohi dituen bi ideia ere aletu ditu idazleak: poema batek «ezin» duela gezurrik esan, batetik; eta, poesia idaztea beti bilaketa bat dela, bestetik. «Munduak, gaurko egunak falta duen hitz horren bila dabil etengabe poeta; hitz horren beharra du bizitza, mundua, poema nolabait osatzeko. Uste dut hitz hori ezin aurkituzkoa dela; misterio bat. Baina hori aurkitu beharra da poetaren langintza, haren lanak zentzurik izango badu».

«Poemak garbitzea»

Denera, 150 poema inguru dakartza liburuak. «Poesia lan bat izateko, mardula da», Mendigurenen hitzetan. Ez ziren horiek idazleak editoreari aurkeztutako guztiak, eta hainbat kanpoan utzi izanak ere erakusten du idazlearen etorri oparoa. Molde aldetik, askotariko formak eman dizkie poemei oraingoan ere: sonetoetatik hasi eta haikuetaraino. Eta liburua lau ataletan egituratu badu ere, forma ez du kontuan hartu horretarako, «nolabaiteko kronologia» baizik. «Gaiak atal guztietan berdintsuak dira; osotasunean hartu behar da liburua», zehaztu du.

Oro har, ordea, laburrak dira poema gehientsuenak, eta horri arrazoi bat bai ikusten dio egileak. «Poetak gero eta gutxiago idatzi behar duela uste dut. Lan handia da poemak garbitzea, eta horretan pasatzen dut nik denbora asko. Ez idazten, baizik eta desidazten. Poema biluzten, esentziara jotzeko nolabait». Haikuen kasuan, esaterako, egiteko hori muturrera eramatea eskatzen dutela uste du: «Esentziaren esentzia dira. Hitz gutxiagorekin ezin da gehiago esan. Zazpi silabarekin badoan momentu baten argazkia egin dezakete».

1991n, Udazkeneko karabana erratua (Elkar) eman zuenetik, hamar poema liburu baino gehiago ondu ditu Linazasorok —bitarte berean, baita beste hamaika generotako lan ugari ere—. Nola egiten duen galdetu dio aurkezpenean Mendigurenek, zein den lan egiteko duen era. Denbora mugatu batean esku artean duen horretan murgilduz, halaxe aritzen dela erantzun Linazasorok. «Denbora konkretu bat jarrita. Haikuak egin behar badituzu, demagun, bi hilabete pasatzen dituzu zeure burua horretara jarrita; begirada, ingurua, irakurketak, dena bideratzen da horretara».

Onartu du, halaber, egunero ez duela idazten; are, gero eta gutxiago egiten duela. «Esatekoa bukatu ere egiten da, nolabait. Baina ez poesian, poesian beti dagoelako bilaketa». Soneto gehiago idazten ari da orain. «Esertzen naiz etxeko sofan, hartzen dut koadernoa, eta, beste ezer gabe, disfrutatu egiten dut, eta ez da gutxi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.