Pandemiaren aurkako legeak «segurtasun juridiko handiagoa» emango luke neurriak hartzean

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde parlamentarioei bidaliko diete Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek egindako legeari buruzko txostena. Jaurlaritzak ez du eperik zehaztu  tramitazio posibleaz.

Olatz Garamendi, gaur, alboan Bingen Zupiria duela. IREKIA
Igor Susaeta.
2021eko martxoaren 2a
16:39
Entzun

Eusko Jaurlaritzak COVID-19ari aurre egiteko dituen baliabide juridiko guztiak «agortuta» daudela iritzita, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak proposatu zuen, otsaila erdialdean, pandemiaren aurkako lege bat ontzea. Bi aste pasa geroago, planteamendu horri buruzko txosten bat osatu dute Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek, eta iruditzen zaie molde horretako lege batek «segurtasun juridiko handiagoa» emango liekeela izurriaren aurka neurri murriztaileak ezartzeko asmoz Jaurlaritzak hartutako erabakiei. Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak gaur prentsaren aurrean azaldu duenez, koronabirusari aurre egiteko Espainiako Gobernuak joan den urrian ezarritako «esparru juridikoaren barruan» diseinatu beharko zen. Gobernu kontseiluaren ondoren egindako agerraldian auzitegiak gogoan Garamendik nabarmendu duenez, legearen asmoa ez da «botereak saihestea».

Garamendiren arabera, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde parlamentarioen esku utziko dute zerbitzu juridikoek balizko legeaz osatutako txostena. Kazetariek galdetu diote ea gero zein bide egingo duen legearen tramitazio posibleak, ea hura onartzea presakoa ote den, eta sailburuak erantzun du «azkarrago» joango dela talde parlamentarioek «adostasunerako borondatea» azaltzen badute. Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak duela bi aste pasa esan zuenez, Urkulluk proposatutako legea «propaganda eta publizitatea» da. Garamendik ez du eperik jarri nahi izan. «Aurrena azter dezatela talde parlamentarioek, eta gero hitz egingo dugu».

Javier Hurtado Turismo, Komertzio eta Kontsumo sailburuak (PSE-EE) ere hitz egin du gobernu kontseiluaren ondorengo agerraldian, eta galdetu diotenean ea zer iruditzen zaion txostena, esan du «positiboa» dela. EAJ eta PSE-EE koalizioan ari dira gobernatzen, eta gehiengoa dute legebiltzarrean. Hortaz, alde horretatik, ez litzateke arazorik egongo legea onartzeko.

Bien bitartean, zerbitzu juridikoek baieztatu dute, Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuaren esanetan, pandemiaren eta haren ondorioen aurkako «borrokan« izan daitekeela «tresna erabilgarri eta eraginkor bat», eta «esparru juridiko argi bat» definitzen duela horretarako. «Legeak zehaztasuna, argitasuna eta segurtasuna eman ahal dizkie herritarrei eta gobernuari, hain larriak eta ustekabekoak diren egoerei segurtasun juridiko handienarekin aurre egiteko».

Garamendiren ustez, txikia da Madrilek joan den urrian onartutako errege dekretuaren bidez «eskaintzen duen» alarma egoeraren «aterkia». «Zerbitzu juridikoek uste dute Euskal Autonomia Erkidegoaren beharrei erantzungo dien lege bat planteatu behar dela».  Iruditzen zaie zerbitzu juridikoei, sailburuaren esanetan, «irtenbide konplexuak hobeto ulertzea eta gizarteratzea» ekarriko lukeela lege bat onartzeak. Garamendik uste du, bide batez, EAEko autogobernuaren «islarik onena» litzatekeela pandemiaren lege bat edukitzea. «Indarrean dagoen lege esparru osoa oinarritzat hartuta, txostenak defendatzen du pandemiaren kudeaketen lehen jardun ildoa eta erantzukizuna euskal erakundeei dagokiela, eskura ditugun eskumenengatik».

Oinarrizko eskubideez

Oinarrizko eskubideak murriztuta daude alarma egoerak ezarritako esparruaren barruan hartutako erabakien ondorioz. Garamendik esan duenez, juristek nabarmendu dute legea indarrean sartuta «modulazioak» egin daitezkeela alarma egoerak arautzen dituen oinarrizko eskubideen murrizketen gainean. «Horiek izan behar dute aurrez ikusteko modukoak, mugatuak, unean uneko premien araberakoak».

Jaurlaritzaren irizpideen kontra eginez, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen, joan den otsailaren 10ean, 100.000 biztanleko 500 COVID-19 kasutik gorako intzidentzia pilatua duten udalerrietan ere tabernak ireki ahal izatea. Gobernuak behin-behineko erabaki hura kritikatu zuen. Garamendik azpimarratu nahi izan du legearekin ez dutela botererik «saihestu» nahi, eta demokrazia batean «bazterrezina» dela botereen arteko oreka. «Legeak guztion lana erraztu eta argituko du».

Iruditzen zaio, gainera, txostenak «osasun ikuspegi soiletik» haratago egiten duela. «Pandemiaren ondorioek plano sozioekonomikoari ere eragiten diote».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.