Osasungintza

Mauleko Ospitaleko gainbegiratze batzordeak kudeaketa partekatua etetea galdegin du

Ospitaleko zahar etxeko familia elkarteak deituta, hainbat erabiltzaile eta zaintzailek bilkura bat egin dute Mauleko herriko etxearen aitzinean, hurbileko ospitalea galdegiteko.

Erabiltzaile eta zaintzaileen bilkura gaur goizean Mauleko herriko etxearen aitzinean, hurbileko ospitalea galdegiteko. BERRIA
2021eko martxoaren 3a
15:52
Entzun

Gaur goizean Mauleko Ospitaleko gainbegiratze batzordeak kudeaketa propioa izatea eskatu du. Zazpi boto alde jaso ditu proposamenak, eta bakarra aurka. Modu horretan Oloroeko Ospitalearekin (Okzitania) egiten duten kudeaketa partekatua eteteko galdegin dute. Bileratik ateratzean, Louis Labadot Zuberoako hiriburuko auzapez eta gainbegiratze batzordeko presidenteak «kudeaketaren autonomia berreskuratzeko» asmoa agertu du.

Mauleko eta Oloroeko ospitaleak zuzendaritza komun batek lotzen ditu 2013tik, baina Mauleko Ospitaleko berritze lanek hainbat tira-bira eragin dute, eta erabiltzaileek diote murrizten ari direla proiektua. Christian de Gaye mediku koordinatzailearen dimisioak desadostasunak azaleratu ditu.

Hain zuzen, hainbat erabiltzaile eta zaintzailek bilkura bat egin dute gaur goizean Mauleko herriko etxearen aitzinean, murrizketa hori salatu eta hurbileko ospitalea galdegiteko. Mauleko ospitaleko zahar etxeko familia elkarteak deituta bildu dira, eta salatu dute eskasa dela kudeaketa partekatua. «Maulen artatuak izatea nahi dugu», esan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.