INGURUMENA

Zubietan industria hondakinak erraustea defendatu du Asensiok

Gipuzkoako Ingurumen diputatuaren arabera, mankomunitateen beharrei erantzun behar die plantak

Zubietako errustegia, iazko abenduan. GORKA RUBIO / FOKU
Igor Susaeta.
2021eko martxoaren 3a
15:56
Entzun

Duela bi aste pasa, Eusko Jaurlaritzak atea ireki zion Zubietako plantan (Gipuzkoa) industria hondakinak errausteari, eta gaur, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Gipuzkoako Ingurumen Diputatu Jose Ignacio Asensiok defendatu egin du hori egin ahal izateko ingurumen baimen bateratuan IBBan egindako «aldaketa», EH Bilduren galdera bati erantzunez. GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren eskaera onartuz, Eusko Jaurlaritzak aldaketak egin ditu IBBan, baina, Asensioren esanetan, «funtsean» ez da aldaketarik izan. Hiri hondakinak kudeatzeko azpiegitura bat da Zubietakoa, eta Ingurumen diputatu eta GHK-ko presidenteak adierazi du jasotzekoak diren industria hondakinak horiekin «parekagarriak» direla.

Ainhoa Intxaurrandieta EH Bilduren batzarkideak nabarmendu du Europako 2018ko Hondakinen Zuzentarauak «argi eta garbi» zehazten duela zeintzuk diren hiri hondakinak eta zeintzuk ez. «Eta orain erreko direnak ez dira hiri hondakinak, eta ez dit balio esateak hiri hondakinen antzekoak edo asimilagarriak direla».

 Asensiok «Foru arau bat» izan du ahotan, eta azpimarratu du Gipuzkoako Hiri Hondakinen 2019-2030eko planak aurreikusten duela «hondakin korronte horien» kudeaketa planifikatzea; «besteak beste, industria hondakinenak». Eta aldaketa justifikatzeko, argudiatu du GHK-k zerbitzua ematen diela horretan ordezkatuta dauden mankomunitateei. «Azpiegiturak erantzun egin behar die mankomunitatearen eskaerei. Zer egingo dugu? Ez diegu zerbitzurik emango?».

Egindako aldaketaren ondorioz, «beste bost LER kode» —zaborrak sailkatzeko Europak ezarritako zerrenda estandar bat erabiltzen da, LER zenbakiena— bilduko ditu IBBak, Asensioren hitzetan. Horrenbestez, ontzi arinak, material organikoa, papera, kartoia eta tamaina handiko hondakinen kudeaketa plantetako errefusak jaso ahal izango dira; «materialki balorizatu ezin diren plastikoak; hiri hondakinen antzeko hondakinak, birziklatu ezin daitezkeenak; bolumen handiko hondakin ez-birziklagarriak», eta erretze prozesu osoa egin gabe duten hondakinak eta zepak, errauste prozesua «osatzeko». Intxaurrandietarentzat, LER horiek ez dira «asimilagarriak».

«Gaindimentsionatuta» diseinatutakoa

EH Bilduren ustez, galdetu izan dutenean ea Zubietan hiri hondakinez besteko hondakinik jasotzeko asmorik ba ote zegoen, administrazioak ezetz erantzun izan du. «Esan izan digute soilik hiri hondakinak 'balorizatzeko' zela», azadu du Intxaurrandietak, eta gogorarazi instalazioaren kontratuan jartzen duela, hain zuzen, hiri hondakinentzako dela.

Diseinatu zutenetik dago planta «gaindimentsionatuta», Intxaurrandietaren hitzetan. Eta datu batzuk eman ditu: esan du 200.000 tona erretzeko diseinatu zela, baina Gipuzkoan birziklatze tasa %50ekoa izanik eta helburua %70koa, 90.000 tona errefus egongo dela. «Desajuste bat dago. Beraz, nola elikatuko duzu erraustegia, 90.000 tona errefus daudenean soilik?», galdetu du. «Bi aukera» daude horretarako: bat, «fiktizioa», populazioaren hazkundearekin, eta bigarrena, «erreala», beste hondakin mota batzuk ere errez Zubietan. «Orain industrialak dira, eta aurrerantzean?», galdetu du EH Bildukoak. «Kezka» agertu du ez ote den «beste Zaldibar bat» gertatuko. «Hasten zara hondakin industrialekin, eta...». Intxaurrandietak bi galdera egin dizkio Asensiori: «Beste hondakin batzuk erretzeko baimenak eskatuko dituzue? Beste leku batzuetatik ekarriko dituzue hondakinak eta erre egingo dituzue?».

Asensiok ez die galdera horiei erantzun, baina Zaldibar aipatuta ondokoa esan dio Intxaurrandietari: «Zaldibarko istripua gertatu zenean, mankomunitate guztiek azkar deitu zuten, hara eramaten zituztelako zenbait hondakin. Nola konpondu zuten? Zubietako azpiegiturari esker.».

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.