Ekialde Hurbila

Palestinan egindako gerra krimenak ikertuko ditu Nazioarteko Zigor Auzitegiak

Fiskalburuak adierazi du gatazkan parte hartu duten alde guztiak ikertuko dituztela. Horretarako eskumena baduela ebatzi zuen auzitegiak otsailean.

Nazioarteko Zigor Auzitegia, Herbehereetako Haga hirian. EFE
Julen Aperribai.
2021eko martxoaren 3a
16:47
Entzun

Fatou Bensouda Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalburuak ohar batean jakinarazi zuen ikerketa bat abiatuko dutela Palestinako lurretan gerra krimenik izan ote den argitzeko. Argitu du 2014ko ekainaren 13tik aurrerako gertakariak eta «auzitegiaren eskumenekoak» direnak ikertuko dituztela. Israelek okupatutako lurraldean gatazkaren bi aldeek zibilen aurka egindako gerra krimenen ingurukoa izango da ikerketa, zehaztu duenez.

Bensoudak azaldu du bost urteko prozesu baten ondoren hartu dutela ikerketa abiatzeko erabakia. Hitzeman du modu «independentean, inpartzialean eta objektiboan» jardungo dutela aurrerantzean ere: «Azken batean, gure kezka nagusia krimenen biktima izan direnengan zentratuko da, izan palestinarrak edo israeldarrak. Indarkeria eta ziurgabetasun ziklo luze batean bizi izan dira, alde guztietan sakoneko sufrimendua eta etsipena sortu dituen ziklo batean». 

Fiskalak 2019ko abenduan adierazi zuen Zisjordanian, Jerusalem ekialdean eta Gazan «gerra krimenak gertatu» direla edo «gertatzen» direla, eta Israelgo Armada eta Hamas egin zituen horren erantzule nagusi.

NZAk otsailean ebatzi zuen bazuela jurisdikzioa Palestinaren inguruko ikerketa bat abiatzeko, herrialde hori NZAko estatu kide izateak hori egiteko aukera ematen zuelako. 2015ean bihurtu zen Palestina NZAko kide, Erromako Estatutua izenpetu ostean. Israel, berriz, ez da estatu kide, eta ez dio aitortzen zilegitasunik auzitegiari. Otsaileko ebazpena jaso ostean, Benjamin Netanyahu lehen ministroak adierazi zuen NZA «legalki jazartzen ibiltzen den erakunde politiko bat» dela, eta ikerketan aurrera eginez gero «antisemitismo hutsa» egiten ariko zela.

«Esperotako urratsa», PANentzat

PAN Palestinako Aginte Nazionalak «pozik» hartu du erabakia. «Denbora luzez esperotako urrats bat izan da, justiziaren bilaketa neketsurako eta kontuak emateko balioko duena», adierazi du Atzerri Ministerioak, ohar batean. PANek nabarmendu du «potentzia okupatzaileko funtzionarioek egindako krimenak etengabeak, sistematikoak eta orokorrak» direla, eta ikerketa «urgentziaz» egiteko eskatu du, haren emaitzak «azkar» izateko. Horrez gain, elkarlanerako eskua luzatu die NZAri eta fiskalari.

Hamasek ere txalotu egin du berria. «Gure herriko biktimentzako justizia lortzeko bidean urrats garrantzitsua da», esan dio Hazem Qassem erakundeko bozeramaileak Reuters berri agentziari. Euren jarduna ere defendatu du: «Gure erresistentzia zilegia da, eta gure herria defendatzeko helburua du. Nazioarteko lege guztiek onartzen dute zilegizko erresistentzia».

Otsaileko ebazpenak bezala, ikerketa abiatzeko erabakiak ere sumindu egin du Israel. Benjamin Netanyahuk suhar hitz egin du ikerketaren aurka, sare sozialetan zabaldutako bideo batean: «Funtsa antisemitismoan eta hipokrisian duen erabaki bat hartu du auzitegi partzial batek. Ebatzi du gure soldadu heroiko eta gizabidetsuak, munduko terroristarik krudelenen kontra aritzen diren horiek, gerra kriminalak baino ez direla». Areago, esan du Israelgo Estatua «erasotua» izaten ari dela, eta hitzeman soldadu, komandante eta herritar oro babestuko dituela. «Naziek herri juduaren aurka egindako ankerkeriak saihesteko sortutako auzitegia herri juduaren estatuaren aurkakoa bihurtu da. Ez du hitzik esan Iran, Siria eta benetako gerra krimenak egiten ari diren beste diktadurez», gaineratu du.

Reuven Rivlin presidentearen arabera, «eskandalagarria» da NZAk jakinarazitakoa. Ohartarazi du Israelgo agintariak «erne» izango direla eta ziurtatuko dutela auzitegiak ematen dituen urratsek beren soldaduei «kalterik ez egitea». Gabi Ashkenazi Atzerri ministroak nabarmendu du «erabaki politiko bat» dela, eta Bensoudari leporatu dio «bere ondorengoari lehentasunak markatu» nahi izatea. Izan ere, aurtengo ekainean utziko du fiskal kargua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.