Koronabirusa

Txertaketaren ostean, COVID-19a ia erabat desagertu da Nafarroako zahar etxeetatik

Indurain eta Maeztu kontseilarien esanetan, hiru kasu aktibo daude egoitzen sare osoan, eta ospitaleratutako gaixorik ez.

Adineko emakume bat, Nafarroan, COVID-19aren aurkako txertoa jasotzen. JESUS DIGES / EFE
Ion Orzaiz.
2021eko martxoaren 3a
16:49
Entzun

Datuek argi eta garbi erakusten dute egungo argazkia ez dela iazko bera: otsailaren 12an Nafarroako zahar etxeetako txertaketa prozesua bukatu zenetik, lau COVID-19 kasu atzeman dituzte sarea osatzen duten 71 egoitzetan. Horietatik, gaixoetako bat sendatu da dagoeneko; beste bik sintoma arinak dituzte, eta azkena asintomatikoa da. Inork ez du ospitaleratu behar izan. COVID-19a ia erabat desagertu da Nafarroako egoitzetatik. Gaur eguerdian eman dituzte datuok Osasun kontseilari Santos Indurainek eta Eskubide Sozialen kontseilari Mari Carmen Maeztuk.

Abenduaren 27tik otsailaren 12ra bitartean, 8.300 egoiliarri eta 7.000 bat langileri jarri zizkieten txertoaren bi dosiak. Egoiliar guztien %93,8ri eta egoitzetako langileen %75,4ri, alegia. Alta epidemiologikoak 605 dira, eta 12 langilek etxean bakartuta segitzen dute, gaitza gainditu arren. Bestalde, elbarri eta desgaitasunak dituztenentzako 53 zentroetan ez da kasu aktiborik atzeman, eta pertsona bakarra dago ospitaleratuta.

Horrek ez du esan nahi, alta, agerraldirik gertatu ez denik: otsailean, agerraldi bana atzeman zuen Osasunbideak Mutiloako eta Andosillako egoitzetan, baina, kontseilariek azaldu dutenez, detektatutako 40 kasuetatik bakar batek ere ez zuen koronabirusarekin lotutako sintomatologiarik izan.

Datu berrien argitara, egoitzetako neurri murriztaileak malgutzeko asmoa agertu du Maeztu kontseilariak. Otsailaren 26an egin zituzten lehen urratsak: egoitzetatik ateratzeko baimena eman zieten egoiliarrei, itzultzean PCR proba egiteko beharrik gabe. Gainera, datorren astetik aurrera, beste erkidego batzuetan bizi diren senitartekoek aukera izanen dute Nafarroara joan eta egoiliarrak bisitatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.