Ahetzen egin nahi duten luxuzko etxebizitza proiektu bat salatu du EH Baik

Laborantza lurrak desagerrarazi eta bigarren etxebizitzak eraikiko dituztela salatu dute ezkertiar eta abertzaleek

Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko martxoaren 3a
16:56
Entzun

Lur saldua, betiko galdua dio erran zaharrak. Arrisku hori ikusten du EH Baik, Ahetzen (Lapurdi) egin nahi duten etxebizitza proiektuarekin. Gaur egun laborantzarako diren lurretan etxaldea bota eta luxuzko hamar pisu eraikitzeko proiektua du promotore pribatu batek. «Ez da dudarik, bigarren etxebizitzak izanen dira», deitoratu du EH Baik, eta Euskal Hirigune Elkargoan lantzen ari diren Bizitegien Tokiko Planaren eztabaidan kokatu du.

Lapurdiko etxe zaharren itxura du Larre Luzea etxaldeak. Gaur egun ez da inor bizi, eta egoera txarrean da eraikina. Inguruko lurrak laborantza jardueretarako erabiliak dira, baina azken urteetan eraikigarri bilakatu dituzte horietako batzuk. 2019ko uztailean onartu zuten Ahetzeko hirigintza plana Euskal Elkargoan, gehiengorik gabe. 233 hautetsitarik 85k baizik ez zuten alde bozkatu. Plan horretan, gaur egun laborantzarako diren lurren zati bat ofiziale eremu bat sortzeko eraikigarri bihurtzea erabaki zuten, eta Larre Luzea etxaldeari sailkapena aldatzeko aukera ere aurreikusi zuten.

Lurren jabeak etxaldea promotore bati saltzea aurreikusia du, eta horrek eraikuntzarako baimen eskaera egina dio herriko etxeari berriki. Gaur arratsaldean biltzekoa da CDPENAF Natura, laborantza eta oihan eremuen babesteko departamendu batzordea, etxaldearen eremua eraikigarri bilakatu ala ez erabakitzeko. «Hemen instalatua den laboraria jadanik mehatxatua da ofiziale eremuaren proiektuarekin; orain, bigarren eraso zuzen bat du. Arrisku handirik hartu gabe erran dezakegu proiektuak aitzina egiten badu laborantza jarduerak ez duela irauten ahalko hemen». Gaur egun lurrak ustiatzen dituen laborariaren seme bat laborantza ikasketak bukatzen ari da hain zuzen, eta segida hartzeko gogoa baluke, bertan bizitzeko proiektuarekin.

Elkargoan eztabaida

Azken urteetan gisa horretako proiektu andana izan dira Ipar Euskal Herrian, eta eragile batek baino gehiagok salatu izan du laborantza lurren desagerpena. Arazo hori azpimarratu du Euskal Hirigune Elkargoan lantzen ari diren Bizitegien Tokiko Planak ere. «Txosten horretan diagnostiko oso bat egin da; lehen aldia da horrelako argazki zehatza dugula. Bagenekien egoera larria bizi dugula, baina datu objektiboei begiratuta, bada beldurtzekoa. Merkatu libreak eragiten dituen ondorio sozial eta ekologikoak onartezinak dira», salatu du Blainek.

Udazkenetik ekarpenak egiten ari dira Ipar Euskal Herriko herriko etxeak, eta, diagnostikoarekin gehienek bat egiten badute ere, gauzapenari buruz kritika zorrotzak agertu dituzte batzuek. EH Baik iragarri du ondoko asteetan gaiaz iritzia emanen duela. Ekarpenak kontuan hartuta, apirilean lehen bozka bat izan beharko litzateke elkargoan, eta udazkenean bozka definitiboa. Bizitegien arloan Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoan ondoko sei urteetan izanen den estrategia finkatuko du dokumentuak.

Iazko abenduan, higiezinen agentzia baten aitzinean bildu ziren EH Baiko kideak, Angelun (Lapurdi), hark zabaldutako iragarki bat salatzeko. «Lurra eta etxebizitzaren arazoa konpontzeko erantzun kolektiboak beharrezkoak direla azpimarratu genuen, bakoitzak hartu beharko zituela bere ardurak: promotoreek, agentziek, etxe egileek, baina baita tokiko hautetsiek ere, herrietan, elkargoan edo Frantziako Asanblean», ohartarazi du Blainek. «Denak dira arduradun edo hobeki erran denek dute erantzukizun bat»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.