Laneko osasuna

Amiantoagatik gaixotutako langile bati 216.459 euro ordaintzera zigortu dute Naval

Epaitegiak segurtasun eta higiene arauak ez betetzea egotzi dio Navali. Osalanen arabera, sektore horretan ohikoa izan da amiantoa erabiltzea.

Ontziolako bi langile, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko martxoaren 4a
11:05
Entzun

Bilboko Lan Arloko Epaitegiak aintzat hartu du biriketako adenokartzinoma bat duen langile baten salaketa, amiantoaren eraginpean egoteagatik, eta 216.459 euroko kalte-ordaina ematera zigortu du Izar enpresa (Naval), Sestaoko (Bizkaia) ontziolak —gaur egun itxita dago— amiantoaren aurkako segurtasun eta higiene arauak «ez betetzeagatik».

Asviamie biktimen elkarteak jakinarazi duenez, kaltetuak 1966tik 2003ra bitartean egin zuen lan ontziola horretan. Itsasontzien hodien konexioetan aritzen zen lanean, eta amiantoa erabiltzen zuen. Gainera, aireztapenik gabeko lan eremuetan aritzen zen amiantoz aurrefabrikatutako holtzak mozten, eta hodiak forratzen zituen beste langile batzuekin batera.

Elkartearen arabera, langileei ez zieten minbizi arriskuaren berri eman, ez zieten maskararik eman, eta ez zieten osasun azterketa espezifikorik egin. Osalanek hainbatetan azaldu du amiantoarekin lan egitea ohikoa zela ontzigintzan urte haietan.

Langileari gaixotasuna diagnostikatu zioten 1998an, eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak ezintasun iraunkor osoa aitortu zion, laneko gaixotasunak eragindakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.