Koronabirusa

Nafarroako ostalariek hilabete bateko epea izango dute laguntzak eskatzeko

Lehen deialdiarekin alderatuta, bigarren honetan, eskaera egiten duen bakoitzak jaso dezakeen gehienezkoa 25.000 eurotik 75.000 euro bitartera handituko da

Iruñeko Ultzama taberna, iragan ostiralean, barrualdeak irekitzea baimendu zenean.. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2021eko martxoaren 4a
11:19
Entzun

Abenduko deialdiaren ondotik, bigarrena jarri du abian Nafarroako Gobernuak. Duela bi aste haren ezaugarri nagusiak iragarri bazituen ere, xehetasunak aurkeztu dituzte Mikel Irujo Garapen Ekonomikoko kontseilariak eta Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak. 18,5 milioi euro banatuko dira, eta lehen deialdiarekin alderatuta, gehienez jaso daitekeen diru kopurua 25.000 eurotik 75.000 eurora handituko da. Gutxieneko kopurua 1.710 eurokoa izango da.

Tramitatzeko epea martxoaren 15ean irekiko da, eta apirilaren 14ra arte iraungo du. Tramitazio indibidualizatua izango denez, eskaera jasotzen den unetik, hura aztertu eta hilabete batean laguntza emateko asmoa dute. MIkel Irujok azpimarratu du lehen deialdia «mugarria» izan zela, abenduaren 1ean epea ireki eta abenduaren 31rako eskaera onartutako guztiek jaso zutelako laguntza.

Elma Saizek nabarmendu du laguntza eskatzen duten guztientzat iritsiko dela dirua, eta, bere neurrian, «laguntza gehien» eman duen erkidegoa dela Nafarroa. Departamenduen arteko koordinazioaz gain, sektorearen aldarrikapenak entzun dituztela azpimarratu du. Hala, lehen deialdiarekin batera, haien eskakizun batzuk aintzat hartu dira. Autonomoen kasuan, udan laguntza jaso izana ez da oraingoan deialditik at geratzeko ezaugarri izan; gehienezko kopurua hirukoiztu egin da, edo lehen deialditik at geratu zirenak aintzat hartu dira, eta orduan ez jasotakoa orain kobratuko dute, bere neurrian.

Laguntza ez da ostalaritzara mugatuko, eta turismo arloko hainbat azpisektore kontuan hartuko dira. Zabaldu egin dute, gainera, laguntza jaso dezaketenen eremua. Kultur turismoan aritzen diren eragileak; landetxeak edo turismo alokairuak, betiere diru sarreren %50 baino gehiago bertatik jasoz gero; kongresu eta erabilera anitzeko aretoak eta handizkako merkataritza arloko jarduerak, betiere turismoarekin lotuta daudenak.

Guztiei eskatuko zaien baldintza orokorra izango da euren jarduera Nafarroan egitea eta egiaztatzea BEZaren oinarri ezargarria gutxienez %20 erori dela urte batetik bestera.  

 

   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.