Industria

Industriaren ekoizpena ia %4 urritu da urtarrilean

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoan %2 handitu da iazko azken hilabetearen aldean, baina urte arteko erorikoak ez dira eten 2021ean

DanobatGroupeko langile bat, makina bat kudeatzen. BERRIA
xabier martin
2021eko martxoaren 4a
11:47
Entzun

Eustatek emandako datuen arabera, euskal industriaren ekoizpena ez da suspertu indarrez urte hasiera honetan, 2020ko urtarrilarekin alderatuta %3,9 apalagoa baita. Abenduan baino gehiago ekoitzi dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresek, baina pandemiak eragindako zuloa hor dago oraindik ere. Industriaren ekoizpenak %13,3ko erorikoarekin amaitu zuen urtea, itxialdiek eta munduko merkatuen moteltzeak eraginda.

Izan ere, 2020ko apirilean eta maiatzean iritsi ziren indizean parekorik ez duen egoera. Apirilean %14,3 erori zen ekoizpena, eta, maiatzean, %39, datu harrigarria. Maiatzetik aurrera, urte arteko zulo hori txikituz joan zen: -%27,8 izan zen maiatzean, -%17,8 ekainean, -%12,4 uztailean eta -%14,5 abuztuan. Udazken aldera abiadura handiagoa hartu zuen industria jarduerak, eta ekoizpenaren urte arteko zuloa are apalgoa egin zen. Irailean -%9,8koa zen; urrian, -%7,9; eta azaroan eta abenduan -%7ko inguru horretan geratu zen.

Bada, urtea bide beretik hasi da, nahiz eta ekoizpena gutxika suspertzen hasi dela islatu duen datuak -%4koarekin. Industriaren azpisektore handi guztietan daude erorikoak. Esaterako, energian (argindarra eta petrolioa) -%12,1ekoa erregistratu da, eta ekipo hondasunetan, -%5,2. Eroriko txikiena eta, hortaz, 2020ko urtarrileko mailatik hurbilen dagoen sektorea altzairugintza, plastikoa eta kimika jasotzen duena da: -%1,7.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.