Myanmar

NBEk Myanmarko aferan esku hartzeko eskatu dio Segurtasun Kontseiluari

Atzo 38 manifestari hil zituzten poliziek, eta, armadak kolpea eman zuenetik, 60 dira hildakoak. Protestak izan dira gaur ere, eta junta militarrak armada bidali du poliziei laguntzeko.

Milaka lagun elkartu dira asteazkenean hildako gazteetako baten hiletan. KAUNG ZAW HEIN / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 4a
12:19
Entzun

Gobernuz kanpoko hainbat erakundek eta NBE Nazio Batuen Erakundeak Myanmarko junta militarraren metodoak kritikatu dituzte. Otsailaren 1ean estatu kolpea eman zutenetik, haien aurka protesta egitera atera diren 60 manifestari hil dituzte. Atzokoa izan zen protesta egun odoltsuena: segurtasun indarrek 38 lagun hil zituzten. Horrez gain, otsailaren 1etik hona, 1.500 lagun atxilotu dituzte, eta horietatik 1.200 inguru espetxean edo epaiketaren zian daude. «Badirudi kolpearen aurkako mugimenduari hankak moztu nahi dizkiotela, doako biolentzia erabilita», adierazi du HRW Human Rights Watchek. Erakundeko Krisi eta Gatazka ikertzaile Richard Weirrek salatu du «beste batzuk erreskatatzen ari ziren manifestarien aurka» tiro egin duela armadak, eta horrek agerian uzten dutela segurtasun indarrek ez dutela beldurrik euren ekintzengatik epaituak izateko.

NBEren kontalari berezi Christine Schraner Burgenerrek eman du atzoko heriotza kopuruaren berri, eta azaldu hildakoen artean bi adingabe daudela. Istilurik larrienak Ipar Okkalapa barrutian gertatu dira. Han, poliziek, itsas armadaren laguntza jaso dutenek, hamar manifestari hil zituzten, eta dozenaka zauritu. Horrek, ordea, ez ditu eten kolpearen aurkako protestak. Gaur, milaka lagun elkartu dira Ma Kyal Sinen hiletan. 19 urteko gaztea asteazkenean hil zuten segurtasun indarrek, burura tiro eginda, eta junta militarraren aurkako mugimenduaren sinbolo bilakatu da. Era berean, Rangunen, herrialdeko hiririk handienean, milaka lagun atera dira leiho eta balkoietara, NLDko lider Aung San Suu Kyi liderra aske uztea exijitzeko. Aung San Suu Kyi, Win Myint presidentea eta beste zenbait ministro armadaren zaintzapean daude, eta hainbat akusazio larri egin dizkiete. NLDko liderraren kasuan, istiluetara bultzatzeaz, inportazio eta esportazio legeak hausteaz, eta hauteskunde kanpainan koronabirusaren aurkako neurriak ez betetzeaz akusatu dute.

Egoeraren larritasuna argudiatuta, NBEko giza eskubideen kontalari Tom Andrewsek azken egunetan «manifestari baketsuen aurka erabilitako biolentziaren» irudiak ikusteko eskatu dio Segurtasun Kontseiluari. Izan ere, kontseilua bihar bilduko da Myanmarko egoera hizpide hartzeko. Gaia jorratzen duten bigarren aldia izango da. Halere, ez da espero inolako erabakirik, Txinak eta Errusiak esku hartzearen aurkako botoa eman baitzuten lehen bilera hartan, eta gauza bera egin baitezakete bigarrenean ere. Biek beto eskubidea dute. Biharko bileran egongo diren kideetako bat AEBak izango dira, zeinak ekitearen alde baitaude. Estatu Idazkaritzako bozeramaile Ned Pricek adierazi du «shock egoeran» daudela  «gobernu zibilaren berrezartzea eskatzen duten herritar baketsuen aurka erabilitako indarkeria» ikusi eta gero. Hala, nazioarteari eskatu dio armadaren jarduna «gaitzesteko».

ASEAN Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoko giza eskubideen aldeko parlamentari taldeak, berriz, «higuingarritzat» jo du protestak eteteko modua: «Herrialdearen %80, eurak Myanmarko politikatik kanporatzeko botoa eman zuena, atxilotu edo hil nahi dute?», azaldu du taldeko presidente Charles Santiagok. Modu horretan, Aung San Suu Kyik gidatutako NLD Demokraziarako Liga Nazionalak azaroko bozetan lortutako botoen ehunekoari erreferentzia eginez. ASEANeko hainbat estatu kidetako Atzerri ministroek ere manifestarien aurkako biolentzia eteteko  exijitu zioten juntari asteartean.

Myanmarko junta militarrak NBEn irekia duen beste frontea herrialdeko enbaxadore karguarena da. Tin Maung Naingek uko egin dio kargua hartzeari, junta militarrak bere aurreko Kyaw Moe Tun kargugabetu ostean, «traizioa» egotzita. Kyaw Moe Tunek kolpearen aurka egin zuen aurreko ostiralean NBEren Biltzar Orokorrean eginiko hitzaldian, eta asteburuan kargugabetu zuten. Halere, bere burua enbaxadore legitimotzat jotzen du, eta hori adierazten duen mezu bat bidali zion NBEri, argudiatuta bera dela demokratikoki hautatutako gobernuak izendatutako ordezkaria. Tin Maung Naingek sare sozialen bidez azaldu du ez duela Kyaw Moe Tunen lekua hartuko, baina NBEren idazkaritza nagusiak ez du dimisioaren berririk. Anabasaren erdian, NBEko Idazkaritza Nagusiko bozeramaile Stephane Dujarricek adierazi du Antonio Guterres idazkari nagusia lanean ari dela «nazioarteko komunitatea batzeko, gaiaren inguruan ahots bakar batez hitz egin dezan, eta, noski, ekintza militarrak eten eta demokrazia berrezartzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.