Tentacles estudioak adierazpen askatasunaren aurkako eraso bat salatu du

All pitufos are bastards mezua daraman diseinuaren egileek adierazi dute Udaltzaingoaren gehiegikeria salatzeko sortu zutela afixa

Tentacles Estudioko kideak, aurkeztu duten diseinu berria eskuetan dutela, gaur emandako prentsaurrekoan. BERRIA
jone arruabarrena
2021eko martxoaren 4a
13:18
Entzun

Joan den astean «harriduraz» jaso zuten berria Tentacles Diseinu estudioko kideek, prentsaren bidez: Gasteizko Herritarren Segurtasunerako Sailak estudioa ikertzeko eskatu zion Arabako Fiskaltzari, aste batzuk lehenago kaleratu zuten diseinu batengatik. Afixean, udaltzain bat ageri da All Pitufos Are Bastards mezuaren ondoan. Estudioko kideek prentsaurrekoa egin dute gaur, eta, Mikel Gonzalez Cthulhu kartelaren sortzaileak adierazi duenez, otsailaren 23an Hedegile kalean «Udaltzaingoak izandako neurrigabeko jarrera» salatzeko sortu zuen diseinua: «Ez gaude prest gure tonua apaltzeko edo gure obretan adierazten ditugun terminoak berrikusteko instituzio batzuei minik ez emateagatik».

Poliziaren «abusu sistematikoak» ere salatu dituzte: «Polizien estamentua ukiezina da, eta oso azal finekoa, gainera. Badirudi, ustez herritarren esanetara dauden arren, haiek egiten dizkieten edozein kritikaren gainetik daudela».

Udalak hartutako erabakia adierazpen askatasunaren aurkako erasotzat hartu dute: «Herri honetan bizi garenok badakigu adierazpen askatasunaren aurkako erasoak badaudela, baina uste dugu pandemia garaian areagotu egin direla». Izan ere, izurritean adierazpen askatasunaren auzia puri-purian dagoela ere adierazi dute, baina instituzioei «besteei onartzen ez zaien larru fina» jarri zaiela. Gehitu dute, gainera, «egunero gertatzen diren gauzak gertatuta», ez dutela ulertzen pitufo deitzeagatik norbait «irainduta» senti daitekeenik: «Terrorismoa goratzea eta gorrotozko delituak dira legearen marra gorriak, eta diseinu hau ez da bietako bakar batera hurreratu ere egitean».

Erantzuna prest

Estudioak Gasteizko beste eragile batzuen babesa jaso du, besteak beste, Jimmy Jazz, Baratza Aretoa, Mazoka, Red Fanzine eta Ilustrapados taldeena. Jaso duten babesa antolatu eta «eraso» horri erantzun bat emateko lantalde bat sortzeko asmoa daukatela iragarri dute Tentacles Estudioko kideek. Horrez gain, datorren asterako sare sozialen bidez Denok gara Gargamel «autoinkulpazio kanpaina» martxan jarriko dutela ere iragarri dute, umoretik eta sormenetik abiatuta. Stop censura (Zentsura gelditu) mezua daraman kartel bat ere aurkeztu dute prentsaurrekoan, udalak hartutako neurrien aurrean emandako erantzun gisa.

Horrez gain, iragarri dute ezen, auzitara eramaten badituzte, beraien esku dauden legezko tresna guztiak baliatzeaz gain, orain arte «hobekien» erabiltzen jakin dituztenak ere erabiliko dituztela: mobilizazioak kaleetan eta beste eragile artistiko eta sozialen elkartasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.