Nafarroak azken 100 urteetan izan dituen eraldaketak erakusten dituen aplikazio bat sortu dute

Nafarroako Gobernuak garatu du aplikazioa, eta 1927. urtetik dauden herrialdeko mapak ikusi eta konparatzeko aukera ematen du. 

Iruñea 1927an eta Iruñea aurten.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko martxoaren 4a
14:41
Entzun

Nork ez du inoiz jakin-minik izan ikusteko nola eraldatu den bere auzoa edo herria azken urteetan? Nafarroako herritarrek horretarako aukera izanen dute gaurtik aitzinera; izan ere, bertako gobernuak garai ezberdinetako mapak aldi berean ikusi eta konparatzen dituen aplikazio bat sortu du. ComparaMapas izena du, eta dagoeneko eskuragarri dago.

Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak eta Telekomunikazio eta Eraldaketa Digitalaren Zuzendaritza Nagusiak bultzatu dute aplikazioa, eta Tracasa sozietate publikoak garatu du. Gobernuaren hitzetan, erabiltzeko erraza den tresna bat da, irudi kartografikoak, airekoak eta edozein datatako produktu baliokideak alderatzeko”.

1927. urtetik aitzinerako hainbat mapa mota daude ikusgai, eta mapa horiek modu ezberdinetan konbinatzeko aukera ematen du. Mapa bat bertzearen gainean ikusteko aukera dago, eta baita elkarren ondoan paratzekoa ere.

Mapen bidez, argi ikusten da Nafarroak azken urteetan izandako aldaketa. Iruñearen kasuan, erraterako, 1927ko ortomapa eta 2021ekoa parekatuta ikusten da zenbateko aldaketa izan duen hiriak, eta zenbat zabaldu den.

Ezkerrean, Iruñea 1927an; eskuinean, Iruñea iaz. 

Antzeko kasua da Tuterakoa ere. Etxebizitzek hartu dute lehen landa eremua zena. 

Tutera 1956an ezkerrean, eta Tutera gaur egun eskuinean.

Hiriguneez gain, industrialdeen bilakaera ere adierazten dute mapek. Argi ikusten da hori Berako mapan, erraterako. 1956ko irudian, herriaren inguruan ez dago industrialderik; gaur egungoan, aldiz, industria nabari da. Eta, industriaz harago, 65 urtean egin diren etxebizitzak eta herriaren garapena nabari da. 

Ezkerrean, Bera eta Lesakako auzogune bat 1965an. Eskuinean, leku bera 2021ean. 

Bertze herriren batzuen kasuan, berriz, urteetan antzera geratu direla erakusteko balio du aplikazioak: Garde, erraterako. 

Mapa mota desberdinak konparatzeko aukera ere ematen du aplikazioak. Adibidez, ortomapa bat mapa kartografiko batekin. 

Ezkerrean, Leitzako mapa kartografikoa. Eskuinean, ortomapa. 

Ordenagailuan, tabletan zein sakelakoan erabili daiteke gobernuak sorturiko tresna, eta euskaraz, gazteleraz zein ingelesez erabil daiteke. Udalerri, herri, helbide, errepide eta koordenatuen araberako bilaketa funtzionalitateak ditu, eta Nafarroako Datu Espazialen Azpiegituraren (IDENA) bidez eskaintzen diren geruzetako edozein gehitu daiteke. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.