Joan-etorriak baimenduko dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Labik bertan behera utzi du udalerrien itxiera perimetrala, eta, asteartetik aurrera, mugitzea libre izango da Araba, Bizkai eta Gipuzkoa artean. Gainerako neurriek indarrean jarraituko dute.

Udalerrien itxiera perimetrala izango du aztergai Labik. ENDIKA PORTILLO / FOKU
2021eko martxoaren 5a
10:57
Entzun

Gaur arratsaldean bildu da Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordearen (Labi) batzorde teknikoa, eta osasun krisiari aurre egiteko neurri murriztaileak arintzea erabaki du. Bertan behera utzi dute udalerrien itxiera perimetrala. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi du gainontzeko neurriak mantentzea dela «zuhurrena»,  egoera epidemiologikoa hobetu artean. Egoera «larria» den arren, etorkizunari «ikuspegi positiboarekin» begiratzeko moduan dago Jaurlaritza, lehendakariaren arabera.

Dena dela, Urkulluk aitortu du «zalantzak» dituela egoera epidemiologikoak datozen hilabeteetan izango duen bilakaeraren gainean. Izan ere, egungo joera positiboa «nabarmena» da harentzat, baina beheraldia «moteldu» egin dela adierazi du, eta oraindik paziente asko daudela zainketa intentsiboetako unitateetan. Kezkari eusteko lau arrazoi eman ditu: aldaera berrien arriskua, beheranzko joeraren mantsotzea, inguruko herrialdeen bilakaera okerra, eta neurriak arinegi laxatzeak egin lezakeen kaltea.

Egungo egoera aztertuta, Urkulluk adierazi du udalerrien itxiera ez dela «beharrezkoa» dagoeneko. Egoerara egokitzeko, Eusko Jaurlaritzak ez du gehiago erabiliko 500 kasuren intzidentzia tasa udalerri batzuetan neurriak zorrozteko erreferentzia gisa, gero eta herri gutxiagok dutelako positibo kopuru hori.

Neurriak gehiago malgutzeko, zenbaki bat errepikatu du lehendakariak: 60 kasuren intzidentzia tasa izan nahi dute hiru lurraldeetan. «Hori da agertokirik egokiena, horrek izan behar luke euskal gizarte guztiaren konpromisoa».

Egoera epidemiologikoa gehiago hobetu arte behintzat, etxeratze aginduak indarrean jarraituko du 22:00etatik 06:00etara, merkataritza eta kultur jarduerak amaitu egin beharko dira 21:00etarako eta bilkurak lau pertsonakoak izango dira gehienez aurrerantzean ere.

Eusko Jaurlaritzak dekretu bat onartuko du, eta astelehenean emango dute argitara, asteartean indarrean sar dadin. Dekretu horretan zehaztuko dituzte neurri guztiak. Martxoaren 8a da astelehena, eta Urkulluk aitortu du horrek izan duela eragina neurriak asteartetik aurrera arintzea erabakitzeko. Esan du nahiago duela herritarrak haien udalerrietan mobilizatzea soilik.

Dekretu horren barruan sartuko dute ebazpen bat lan eskaintza publikoen eta aire librean egindako jardueren gaineko zehaztapen gehiagorekin.

Koronabirusaren hedatzeari aurre egiteko neurri horiek hogei egin barru aztertuko ditu atzera Labik. Hala ere, Urkulluk adierazi du ez direla «agertoki oparorik» aztertzen ari, eta ez dituztela bertan behera utziko gainontzeko neurri murriztaile guztiak.

Aste Santuko murrizketei so

Aste Santuei begira, galdera andana dago airean. Igaro egunetan, «zuhurtasunaren» aldeko mezuak adierazi dituzte Eusko Jaurlaritzako buruzagiek, eta atzo berritu egin zituen gobernuko eledun Bingen Zupiriak: «Mugikortasunean aldaketaren bat balego ere, kontuan izan behar dugu kontuz eta neurri zorrotzak betez ibili beharreko 3-4 hilabete ditugula aurrean». Nafarroako Gobernuak ere, etorkizun hurbileko eta ertaineko erabakiak hizpide, «zuhurtasunaren» aldeko hautu nabarmena egin zuen.

Bide berean, atzo ezagutarazi zuten Espainiako Gobernuak Aste Santura begira ondu duen plana. Carolina Darias Osasun ministroak asteazken gauean argi utzi zuen gobernuaren asmoa ez dela inondik inora ere prebentzio neurriak sobera arintzea Aste Santuan. «Gure helburua bizitzak salbatzea da, ez asteak salbatzea». Lelo hori errepikatu zuen behin eta berriz; joan-etorriak mugatzen jarraitzeak garrantzi handia duela oroitarazi zuen, eta onena autonomia erkidego guztiek ikuspegi «homogeneo» batekin jardutea dela adierazi.

Efe agentziak atzo zabaldu zituen Espainiako Gobernuak Aste Santuan pentsatuta prestatu duen planaren gakoak. Agentziaren esanetan, bertan zehazten da erkidegoen arteko mugimendurik ezingo dela baimendu, eta deia egingo dela, oro har, «beharrezkoak» ez diren bidaiak eta «jende pilaketa ugariak» saihesteko. Atzo arratsaldean jakin zen Osasun Publikoaren Batzordean elkarturik onetsi zutela autonomia erkidegoek proposamen horren gaineko itun bat. Horiek horrela, Aste Santuan itxita egongo dira erkidegoak. Andoni Ortuzar EAJko EBBko lehendakariak uste du «ideia ona» dela autonomia erkidegoak Aste Santuan itxita edukitzea, eta ohartarazi du Gabonetan gertatu zenaren adibidea «oso hurbil dagoela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.