Lan gatazkak

Garbitzaileek protesta egin dute, "prekaritate pandemiaren aurka"

Gipuzkoako eraikin eta lokalen garbitzaileek manifestazio bat egin dute Donostian, ELAk, LABek eta UGTk deituta.

Garbitzaileen protesta bat, berriki, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
xabier martin
2021eko martxoaren 5a
12:15
Entzun

Emakume garbitzaileek, eraikin eta lokaletan aritzen diren langileen gehien-gehienek, protesta egin dute gaur, Donostian, gizon garbitzaileekiko duten soldata arrakalaren aurka. Kale garbitzaile gehienak gizonezkoak dira, eta azpisektore horrek lan baldintza hobeak ditu emakumeek osatzen dutenak baino. Hala, "prekaritate pandemiaren aurka" elkarretaratu dira garbitzaileak.

Hil honetan egingo dituzten greba egunen atarikoa izan da ekitaldia. ELAk, LABek eta UGTk deituta, martxoaren 15etik 18ra lanuztea egingo dute Gipuzkoako garbitzaileek, lan hitzarmena negoziatzeko eta berritzeko.

Gaur egun, 2018ko itunaren araberako lan baldintzekin ari dira garbitzaileak, ELAko ordezkari Ana Alberdik azaldu duenez. Enpresekin izan duten azken bileran, "Eulenek ez du onartu %28ko soldata arrakala dagoenik", eta mahai gainean jarritako proposamenak "barregarriak" izan dira, sindikatuen arabera. Are, antzinatasunarekin eta gaixo baimenekin lotutako "murrizketak" egin nahi ditu enpresak, Alberdiren arabera. "Kalean jarraituko dute irtenbide bat eman arte", esan du. 5.000 behargin inguruk jarduten dute Gipuzkoako garbikuntzan, eraikin eta lokaletan, eta haien %80 emakumeak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.