Txina

Hong Kongeko hauteskunde sistema aldatuko du Txinak

Gaur hasi da Herri Batzar Nazionala, eta martxoaren 11 baino lehen onartuko ditu aldaketak. Horrek bozak atzeratzea eragin dezake, bigarren aldiz. 

Herriaren Areto Handia, Pekinen. ROMAN PILIPEY / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 5a
12:29
Entzun

Hasi da Txinako Herri Batzar Nazionala, eta erakunde horrek Hong Kongeko bozen inguruan zer erabaki hartuko esperoan daude hiriko biztanleak. Pekinek atzo jakinarazi zuen aldaketak egingo dituela hiriko hauteskunde sisteman, eta, hainbat hedabideren arabera, horrek bozak beste urtebete atzeratzea eragin dezake.

Batzarra hasteko hitzaldian, Li Kegiang Txinako lehen ministroak adierazi du «atzerriko edozein esku hartze erabakitasunez geldiaraziko» dutela. Hori lortzeko bidean, herrialdeko «konstituzioaren ezarpenari eta Hong Kongekiko harremana arautzen duten oinarrizko legeei lotutako mekanismoak hobetuko ditu Txinak», Kegiangen esanetan.

Batzarra hasteko atarian adierazi zuen gobernuak gaia hizpide izango dutela, eta Batzorde Iraunkorreko presidenteorde Wang Chenek lehen eguna baliatu du «Hong Kongeko hauteskunde sistema hobetzeko» araudiaren lehen zirriborroa aurkezteko, Xinhua albiste agentziak argitaratu duenez. 

Herri Batzar Nazionalak martxoaren 11ra bitarte iraungo du, eta hura amaitu baino lehen erabaki bat hartzea espero da. Ondoren, Batzorde Iraunkorrak diseinatu beharko du hiriari ezarriko zaion legedi berria.

Ez da prozesu laburra izango, eta, South China Morning Post egunkariaren arabera, hiriko bozak bigarren aldiz atzeratzea eragin dezake. Iazko irailean ziren egitekoak, baina, koronabirusak eragindako pandemia zela medio, urtebete atzeratzeko erabakia hartu zuten. Orain, hauteskunde sisteman egin nahi diren aldaketak izango lirateke bigarrenez atzeratzeko  arrazoia, egunkari hark aipatutako iturrien arabera. Irailean dira egitekoak, baina zailtzat jotzen da aldaketak «uztaila baino lehen» onartzea. Orduan amaituko da Hong Kongeko egungo legealdia. 

Araudi berriak ekar ditzakeen aldaketen artean dago hiriko parlamentuak 70 eserleku izan ordez 90 izatea. Hogei postu berri horiek Hauteskunde Batzordeko kideek beteko lituzkete. Halere, horiek ez lituzkete aukeratuko abendua baino lehen, eta hauteskundeak atzeratu beharko lirateke, horrenbestez.

Era berean, Hauteskunde Batzordeak, 1.200 kide izan ordez, 1.500 izango lituzke. Aldaketa horrekin batera, baina, hiriko barrutiei dagozkien 117 parlamentariak desagertuko lirateke, aipatutako iturrien esanetan. Horien artean du oposizioak gehiengo argia. Batzorde horrek garrantzi berezia du hiriko politikan, hura arduratzen baita botere betearazlea aukeratzeaz. Hala, oposizioko kideek salatu dute aldaketek «indartu» egingo dutela Pekinek Hong Kongen gain duen kontrola. 

Ez da izango Herri Batzar Nazionalak Hong Kongerako araudi berri bat adosten duen lehen aldia. Iazko biltzarrean, segurtasun nazionalerako legea onartu zuen, ekainaren 30ean indarrean sartu zena. Araudi horren pean, 47 lagun atxilotu zituzten, «subertsio, terrorismo eta atzerriko indarrekin bat egite» delituez akusatuta. Orain, epaitegiek horietatik lau aske utzi dituzte, bermea ordainduta, eta berdin egin dezake beste 11rekin ere. Gainerako 32ak, ordea, oraindik ere Txinako «segurtasun nazionalarentzat arriskutsuak» direla uste du epaileak. «Hong Kongeko Gobernua erorarazteko» konplot bateko kide izatea leporatzen diete denei.

Gorakada ekonomikoa

Herri Batzar Nazionala urteko ekitaldi politikorik garrantzitsuena da Txinan, han biltzen baitira Alderdi Komunistako kide nabarmenenak. Helburua da gobernuak azken urtean izaniko jardunaren balantzea egitea, eta urte politiko berrirako helburuak zehaztea. Besteak beste, asanbleak 2021erako aurreikuspen ekonomikoak ezarriko ditu, eta BPG barne produktu gordinaren «%6tik gorako» igoera espero dute. Nazioarteko Diru Funtsak aurreikusitako %8,1eko igoeraren azpitik dago, baina, lehen ministroaren esanetan, «kalitatezko garapena eta berrikuntza» bermatuko ditu. Pandemiak eragindako ziurgabetasunaren eraginez iaz kopururik ez zehaztea erabaki arren, 2020an BPGaren gorakada izan zuten ekonomia bakanetakoa izan zen: %2,3koa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.