AEBak

Trumpen administrazioko kide bat atxilotu dute, Kapitolioan egindako erasoaren harira

AEBetako Estatu Departamentuko maila ertaineko langile ohi bat da atxilotutakoa, Trumpek izendatutakoa. Polizia bati «arma arriskutsu» batekin eraso egitea egotzi diote.

FBIk zabalduriko irudi honetan, Federico Klein agertzen da, Kapitolioko Poliziari aurre egiten, bulegoaren arabera. FBI
Edu Lartzanguren.
2021eko martxoaren 5a
14:33
Entzun

Federico Klein du izena. 42 urte ditu, eta AEBetako Estatu Departamentuan hasi zen lanean 2017ko urtarrilean, Donald Trumpek agintaldia hasi eta gutxira. FBI Ikerketa Bulego Federalak zabaldu duenez, Klein atxilotu egin dute, urtarrilaren 6ko AEBetako legebiltzarra biltzen duen Kapitolioaren erasoarekin lotuta.

Trumpen gobernuko maila ertaineko langilea zen Klein. Lehenbizi, Brasil eta Hego Amerikaren inguruko bulegoan egin zuen lan, eta, gero, informazio bulego batean. Aurretik, Trumpen kanpainan egin zuen lan. Beste hainbat erasotzaile bezala, militar ohia da, eta Iraken egon zen marine gisa.

Poliziak adierazi duenez, urtarrilean eman zieten Kleinen inguruko lehen zantzua. Norbaitek ezagutu egin zuen FBIk susmagarriak identifikatzeko zabaldu zuen afixa batean. Erasoaren ondoren, hartan parte hartu zutenek eta telebista kamerariek grabaturiko bideoetatik hartutako ehunka aurpegi bildu zituen AEBetako polizia federalak.

FBIk zabalduriko afixetako bat, herritarrei Kapitolioko erasotzaileak identifikatzen laguntzeko eskatzeko. Borobil gorrian, Klein.FBI

 

FBIk esan duenez, berriemaile batek Kleinen Facebookeko kontura eraman zituen, eta beste batek baieztatu zuen gero irudietan agertzen dena Estatu Departamentuko langile ohi bat dela. FBIk ondorioztatu zuenez, Kleinek gobernuarentzat egiten zuen lan erasoan parte hartu zuenean.

Bideoetan agertzen da gizonezkoa, poliziaren arabera, Trumpen jarraitzaileen ohiko Egin Amerika handi berriz leloa duen txano gorri bat buruan, «Metropoliko polizia hesi bat hautsi nahian». FBIren agiriaren arabera, «Klein azkar sartu zen jendetzaren aurreko ezkerreko aldera eta Kapitoliorako atarira, eta han fisikoki eta hitzez eraso zien hesiari eusten zioten poliziei». Polizia bati kenduriko babes bat erabili zuen ateak ixtea galarazteko.

Horrez gain, beste bideo batzuetan agertzen da erasotzaile saldoari esaten «jende berri gehiago behar dugu, jende berri gehiago behar dugu».

Kleinen atxiloketa mugarria da, hura baita Kapitolioan izandako gertaerengatik preso harturiko Trumpen administrazioko lehen kidea. Litekeena da azkena ez izatea, FBI 300 pertsona baino gehiago ikertzen ari delako. Besteak beste, Trumpen laguntzaile Roger Stone ikertzen ari dira, Proud Boys eta Oath Keepers eskuin muturreko miliziak bultzatu zituelakoan Kapitolioaren erasoan.

Urtarrilaren 6an jende saldo batek hartu zuen AEBetako Kapitolioa, Donald Trumpek manifestazio batean hara joateko esan ondoren. Trumpek ez zuen onartu nahi izan presidentetzarako hauteskundeak galdu zituela, eta Joe Biden demokrata izango zela AEBetako hurrengo presidentea.

Bost pertsona hil ziren erasoan. Lau egun geroago, ustez erasoan parte hartu zutenetako batzuk atxilotzen hasi zen Polizia. FBIk laguntza eskatu zien herritarrei erasoaren bideo eta argazkietan agertzen direnak identifikatzeko. Hainbat herritar talde ere aritu dira ikerketa lan hori egiten, euren kabuz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.