Garapen Kontseilua

Paxkal Indok segituko du Garapen Kontseiluko lehendakari

Atzo berritu zuten elkartearen zuzendaritza, eta Indo izendatu zuten lehendakari ondoko hiru urteetarako

Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko martxoaren 5a
16:24
Entzun

Sorpresarik gabe, Paxkal Indok segituko du Garapen Kontseiluko lehendakari izaten. 430 kideko batzarra bozkatu zuten, otsailaren 6an, eta atzo bildu zen elkartearen zuzendaritza kontseilua. Gizarte zibileko hainbat eragiletako 90 kidek osatzen duten instantzia horren ardura da Garapen Kontseiluaren ekarpen eta iritziak baieztatzea, besteak beste, Euskal Hirigune Elkargoarentzat betetzen duen misioan. Heldu den apirilaren 1ean Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak harrera eginen dio Zuzendaritza Kontseiluari, eta bi egituren arteko elkarlana ofizializatuko dute.

Ondoko hiru urteetarako izanen da Indo Garapen Kontseiluko lehendakaria, eta bere inguruan izanen dituen zuzendaritzako kideak ere izendatu dituzte. Hauek izanen dira: Sylviane Alaux, Martine Bouchet, Thierry Buret, Michel Casteigts, Elisabeth Charriau, Fabienne Ihidope, Philippe Maite eta Eguzki Urteaga.

Garapen Kontseiluak 2020ko bilana ere onartu zuen atzoko bilkuran, eta 2021-2023 proiektua eztabaidatzeari ekin zion. Dokumentu horrek «gizarte zibilak lurraldearen etorkizuneko garapenari eman nahi dizkion norabide estrategikoak» finkatzen ditu, eta Garapen Kontseiluaren lana gidatuko du datozen hilabeteetan.

BERRIAk elkarrizketa egin zion Indori otsailaren 6ko biltzar nagusiaren ondotik. Pozik agertu zen 430 kide izatera iritsi izanagatik: «430 pertsonak erabaki dute inplikatzea, pixka bat edo anitz, jakiteko Ipar Euskal Herriko prospektiban zer lurralde, zer elkartasun, zer leku euskararentzat... eta edozer gaietan, zer nahi genukeen Ipar Euskal Herrian. Uste dut badela inplikazio polit bat. Beharbada ametsetan ari naiz, beti bezala, baina badut esperantza gauzak hobetzeko.».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.