Katalunia

Puigdemont: «Belgikan geratuko naiz»

Europako Parlamentuak etziko osoko bilkuran immunitatea kentzearen alde bozkatuko balu ere, azken erabakia Belgikako Justiziak hartu beharko lukeela azaldu du, Die Presse egunkariari emandako elkarrizketa batean. Suplikatorioaren auzia Europako Justizia Auzitegiraino eramateko prest daudela dio.

Carles Puigdemont Kataluniako presidentea suplikatorioaren auziari buruko azalpenak ematen, iragan otsailaren 24an, Europako Parlamentuan. OLIVIER HOSLET / EFE
Julen Aperribai.
2021eko martxoaren 6a
18:02
Entzun

«Belgikan geratuko naiz. Belgikako botere judizialak erabaki behar du Espainiaratzearen inguruan, baina, immunitatea galtzen badugu, erabakiari helegitea jarriko diogu Luxenburgon, Europako Batasuneko Justizia Auzitegian». Hala adierazi dio Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak Austriako Die Presse egunkariari.

Europako Parlamentuko Auzi Juridikoen Batzordeak Puigdemonti berari eta Toni Comin eta Clara Ponsati kontseilari ohiei immunitatea kentzearen alde bozkatu zuen duela bi aste, eta erabaki horri berretsi ala atzera bota erabaki beharko du parlamentuko osoko bilkurak. Europarlamentari izateagatik immunitatea dute hirurek egun, baina parlamentuak horren aurka egingo balu, Espainiako Justiziaren euroagindu eskaerak berriz aktiba litezke, eta hala gertatuko dela espero da. Hala ere, Belgikako Justiziak izango luke azken hitza, hark aztertuko bailituzke estradizio eskaerak.

Parlamentuko Auzi Juridikoen Batzordeak hiru politikarien immunitatea aztertzeko prozedura «irregulartasunez betetakoa» izan dela adierazi du Puigdemontek, eta «jazarpen politikoa dagoen kasuetan», ezin daitekeela immunitatea kendu. Batzordearen inpartzialtasun eza kritikatu du: «Batzorde juridikoko presidentea Espainiako Ciudadanos alderdikoa da, eta kanpaina egin zuen gu Europako Parlamentuan sartzearen aurka; gu hiruron kasuak bateratu egin zituzten, akusazioak desberdinak izan arren; eta txostenaren egilea Bulgariako ultra bat da, Voxekoen laguna. Auzia ez da niri buruzkoa, Europako Parlamentuaren sinesgarritasunari buruzkoa baizik».

Espainiako Justiziaren inguruan ere hitz egin du Puigdemontek elkarrizketan. «Justizia ez da nahastu behar Espainiako Justiziarekin», adierazi du, eta gaineratu Espainian ez luketela modurik izango bidezko epaiketa bat izateko.

Nazioarteko bitartekaritzak Kataluniako auzian esku hartzearen beharra ere nabarmendu du. Independentziaren alternatibarik izan ote daitekeen galdetu diote Kataluniako presidente ohiari, eta Puigdemontek adierazi du Espainiako Gobernuak ez dituela aintzat hartu bestelako proposamenak ere; autonomia fiskala, kasurako. «Hiru urtez zapaldu ostean ere ez dute horrelako proposamenik egin. Eta, edonola ere,  Espainiako Parlamentuan ez legoke horren aldeko gehiengorik. Ezin dugu Espainiarekin fidatu», esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.