Valentzia 57-46 Lointek Gernika

Lointek Gernika Bizkaia, Espainiako Kopatik kanpo

Bizkaiko taldeak galdu egin du Valentziaren aurka, Espainiako Kopako finalerdietan. Minutuak aurrera joan ahala, indarrez hustu dira Mario Lopezen jokalariak. 

Maria Arrojo Lointek Gernikako jokalaria, barneraketa egiten. MIGUEL ANGEL POLO/EFE
Mikel O. Iribar.
2021eko martxoaren 6a
19:40
Entzun

Akituta. Horrela amaitu dute Lointek Gernikako jokalariek Valentziaren aurka, Espainiako Kopako finalerdia galdu berritan: 57-46. COVID-19agatik bi astez jokatu gabe egon izanaren eta atzoko partidaren zama asko nabaritu dute bizkaitarrek, eta Valentzia talde indartsuaren aurrean ezinaren zantzuak erakutsi dituzte; biko zein hiruko jaurtiketetan kamuts aritu dira, nahiz eta azkeneraino erraiak bota dituzten. Oro har, partidaren lema Valentziak eraman du, patxadaz eta soseguz. Hala, etxean ari den taldeak Gironaren aurka jokatu du Kopako finala, bihar, 250 ikusleren aurrean. 

Hasi, bederen, erritmo bizian eta indar handiz hasi da Valentzia eta Gernikaren arteko dema. Mario Lopezek zuzendutako bostekoa oso zentratuta atera da pistara; izan ere, Gernikakoak kontziente ziren, Valentziakoen aldean, indarrez justuago helduko zirela finalerdietara. Hala, etxean jokatzen duen taldeak hasiera-hasieratik aurkariaren ahulgune horri etekina atera nahi izan dio; nahi bai, baina lortu ez. Bizkaikoak eraso luzeak egitera ohituta daude sarri, eta gaur ere halaxe aritu dira, baita defentsako balantzeak azkar egin ere. Are, Gernika 6-4 aurreratu da markagailuan, baina Valentziak berehala irauli du egoera; istant batean, kontra erasoak eta zeharkako blokeoak baliatuta, 8-0eko partziala egin, eta sei puntu goitik ezarri da.  

Lehen laurdeneko bigarren zatian, Valentzia erasoan fin eta defentsa oldar aritu da; Gernika, aldiz, ezinean. Roso Buch eta Itziar Ariztimuño ez dira baloiarekin aise aritu, eta ezin izan dute Nogaye Lo eta Margaret Roundtree jokalariekin saskipeko jokaldiak behar bezala landu. 19-10 amaitu da lehen laurdena, eta bigarrena ere bide beretik hasi da; Gernikak erasoan asmatzen ez zuen aldiro, Valentziak ez zuen barkatzen, hala biko saskiraketetan nola hiruko jaurtiketetan, harik eta hamar puntu goitik jarri den arte. Hala eta guztiz ere, Lopezen taldeak izan du susperraldirik; Angela Bjorklund eta Roundtree jokalarien esku mutur finari esker, bi hiruko sartu dituzte, eta lau puntura gerturatu dira. Orduan, zonakako defentsa ezartzea erabaki du Gernikako teknikariak, baina saiakera hutsala izan da, nahiz eta atsedenaldirako lehia irekita utzi duten: 31-24. 

Hirugarren laurdenaren lehen minutuan ere, Valentziak jarri du bere erritmoa, eta defentsan Gernikako jokalariak ito egin ditu, Leticia Romero, Laura Gil eta Rebeca Allen lan eskergari esker. Hain zuzen, Allen izan da partidako saskiratzaile nagusia, hamahiru punturekin. Gernikakoak, saskipean asmatu ezinda, jaurtiketa libreetan ere ez dira bat ere fin aritu, eta, gisa horretara, Valentziak hanka egin du laurden amaieran, partida ia erabakita uzteraino: 53-37.

Etsi-etsian, Lopezen taldeak, nola edo ahala, defentsa arloa sendotzea lortu du azken laurdeneko hastapenean. Hain justu, Loren eta Ariztimuñoren ekarpenei esker, hamar puntutik behera jartzea erdietsi dute (55-46), partida amaitzeko bi minutu falta zirela. Dena dela, neke handia nabari zuten euren hanketan, eta ezin izan dute gehiago egin. Lo pibota izan da Gernikako jokalaririk onena, 12 puntu eskuratuta. Horrenbestez, Valentziak eta Gironak jokatuko dute Kopako finala, bihar. Talde kataluniarrak 91-78 menderatu du Perfumerias Avenida eguneko lehen finalerdian. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.