CADIZ 1-0 EIBAR

Betikoa gertatu zaio

Eibartarrek galdu egin dute Cadizen, eta jaitsiera postuetan daude. Dmitrovicek penalti bat huts egin du

Marko Dmitrovic, pènaltia huts egitear, gaur, Cadizen. ROMAN RIOS / EFE
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko martxoaren 6a
21:04
Entzun

Ondo hasi, hala moduzko sentsazioekin joan aldageletara eta etsita amaitu partida. Azken jardunaldietan horixe izan da Eibarren partiden laburpen azkarra. Atzo ere antzeko zerbait gertatu zitzaion Cadizen aurka, eta 1-0 galdu zuen. Beste behin gol falta nabariak gogor zigortu zituen gipuzkoarrak, eta esku hutsik itzuli ziren etxera. Istorioari amaiera polit bat emateko, gauza asko aldatu behar ditu Eibarrek.

Valladoliden eta Elxeren garaipenen jakitun zelairatu ziren Jose Luis Mendilibarrenak. Bi horien emaitzekin, jaitsiera postuetan hasi zuen Eibarrek Cadizen aurkako neurketa. Eibartarrak sendo ekin zioten partidari, hiru puntuen bila zihoaztela argi utziz. Etxeko taldeak armaginei eman zien baloiaren jabetza, eta kontraerasoan min egiten saiatu ziren, bisitarien defentsa aurreratua baliatuz. Partida hasierako gol aukera guztiak, eta lehen zatiko gehienak, gipuzkoarren aldekoak izan ziren. Gola sartzea ere lortu zuten, baina Var-ak gola baliogabetu zuen, Sergi Enrichek baloia ukitu zuelako. Gipuzkoako taldeak partida kontrolpean zuela ematen zuen.

Oso gutxitan izan zuen Cadizek korrika egiteko aukera, eibartarrek ondo zaindu zuten beraien bizkarra, eta, horren ondorioz, espainiarrek apenas zapaldu zuten Marko Dmitrovicen area. Lehen zatiko azken minutuetan, baina, Mendilibarrenak Cadizen zelaian baloia galdu, eta hutsune handiak utzi zituzten bi hegaletan;hori ikusita Alvaro Cerverarenak ez zuten korrika egiteko aukera pasatzen utzi: kontraerasoan Negredok, buruz, 1 eta 0ekoa jarri zuen markagailuan. Kolpe latza bisitarientzat.

Armaginak, azken partidetan bezalaxe, partidaren gidaritza eraman zuten, baita arrisku gehiena sortu ere, baina ez zuten baloia sareetara bidaltzen asmatu. Etxeko taldea, aldiz, atzean sartu zen, eta bere momentua iristea itxaron zuen. Ondo atera zitzaien. Joko sentsazio onarekin, baina markagailuan atzetik iritsi ziren gipuzkoarrak, berriz ere, atsedenaldira.

Nahi bai, baina ezin

Erasokor atera ziren bi taldeak aldagelatik bueltan. Partida berdindu nahian Eibar, eta errenta bikoiztu asmoz Cadiz. Lehenak izan zuen bere helburua gertuen. Bigarren zatia hasi eta hamar minutura banakoa sartzeko aukera izan zuten armaginek penaltiz, baina Ledesmak jaurtiketa gelditu zion Dmitrovici.

Ordubetea pasata, azken norgehiagoketako traza hartu zuen partidak, eta asko jaitsi zen erritmoa, Eibarren kaltetarako. Erritmo bizia, intentsitate handikoa, komeni zaio Mendilibarren taldeari. Erritmo baxua eta posizio jokoarekin deseroso sentitzen dira eibartarrak, eta ez zuten aparteko arriskurik sortu.

Erlojuak aurrera egin ahala presa sartu zitzaion talde armaginari, eta espainiarren area erdiraketaz josten saiatu ziren, baina etxeko taldeak ondo babestu zuen bere ate ingurua. Eibarrek zulo handiak utzi zituen bere zelaian, eta Cadiz horiek baliatzen saiatu zen neurketa erabakita uzteko. Birritan izan zuen bigarren gola sartzeko aukera, baina ez zuten eibartarren atea zulatzea lortu. Mendilibarrenak azken minutura arte ahalegindu ziren banakoa sartzen, baina ez zuten lortu.

Bosgarren jardunaldia geroztik, estreinakoz jaitsiera postuetan amaituko du Eibarrek asteburua. Azken hiru postuekin jolasean ibili da azken asteetan, eta, azkenean, erre egin da. Erruz egin beharko dute lan Mendilibarrenak datozen asteetan zulotik ateratzeko, hurrengo jardunaldietako aurkariak ez baitira makalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.