OSASUNA 0-2 BARTZELONA

Eraginkortasunean egon da aldea

Osasunak estu hartu du Bartzelona Sadarren, baina garesti ordaindu du berriro ate aurrean izandako eragirkontasunik eza

Osasunako eta Bartzelonako jokalariak, lehian, gaur, Sadarren. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2021eko martxoaren 6a
23:07
Entzun

Zoritxarrez, ohitura bilakatzen ari da: Osasunak partida ona jokatu du talde handi baten aurka, estu hartu du, baina galdu egin du, batez ere pattal aritu baita aurkariaren atearen aurrean. Gaur horixe pasatu zaio talde gorritxoari, Sadarren, Bartzelonaren aurka. Lan ona egin du Jagoba Arrasatek entrenatutako taldeak, lanak eman dizkio Kataluniako taldeari, baina ez da gai izan lan on hori gola sartuz indartzeko. Kike Barjak, Ruben Garciak, Callerik... Osasunako hainbat jokalarik aukera onak izan dituzte gola sartzeko, baina bakar batek ez du asmatu Ter Stegenen atea zulatzen. Bartzelonako atezain alemaniarrak lehia ikusgarria egin du, eta berriro erakutsi du gaur-gaurkoz, munduko atezain onenen artean dagoela.

Osasuna eskas aritu da erasoan. Bartzelona, ordea, oso eraginkor. Izan dituen aukera apurretako bi aprobetxatu ditu: Jordi Albak sartu du lehen gola, 30. minutuan, Messik emandako pase ederra baliatuta. Ilaix Moribak, berriz, bigarrena sartu du, 81. minutuan. Tartean ere izan dute aukeraren bat besteren bat sartzeko, baina Sergio Herrerak ez du Ter Stegenek baino gutxiago nahi izan, eta geldiketa onak egin ditu.

Galdu arren, Osasunak ez du urduri egoteko arrazoirik. oraindik nahiko urrun baititu jaitsiera postuak, sei puntura, hain zuzen ere. Gainera, azkenaldian egiten ari den jokoa kontuan hartuta, argi dago bide onean dagoela denboraldiko helburu nagusia lortzeko: beste urtebetez Espainiako Lehen Mailan aritzea. Astebete barru aukera ona du asmo horretan beste pauso bat emateko, Valladolid hartuko baitu Sadarren. Aurkari zuzena da Espainiako taldea: hiru puntu gutxiago ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.