Zer egin daiteke bihartik aurrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan?

Eusko Jaurlaritzaren dekretuak jasotzen du, besteak beste, udalerrien konfinamendu perimetrala bertan behera geratuko dela, eta agerraldiren bat atzematen bada baheketak egingo direla auzo, ikastetxe, etxebizitza bloke edo antzekoetan.

Ertzaintzaren errepide kontrola Bilbo inguruetan. ARITZ LOIOLA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko martxoaren 8a
12:45
Entzun

Bihartik aurrera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleek mugitzeko askatasuna izango dute berriz ere, hein batean. Izan ere, udalerrien konfinamendu perimetrala bertan behera geratuko da, eta erkidegoan mugitzea baimenduta egongo da. Erkidegotik, baina, ezin izango da atera. Neurri murriztaileak berritu dituen dekretua gaur argitaratu du EAEko aldizkari ofizialak, eta joan-etorriena da jasotzen duen nobedade nagusia. Baina, mugimenduetatik harago, bada bestelako berritasunik:

-Bihartik aurrera, Jaurlaritzak ez du erabiliko 500 kasuren intzidentzia tasa udalerri batzuetan neurriak zorrozteko erreferentzia gisa.

-Halaber, dekretuak lehen aldiz jasotzen du COVID-19aren agerraldiren bat dagoenean baheketak egingo direla; besteak beste, transmisio komunitarioa duten auzoetan, zentro soziosanitarioetan, ikastetxeetan, etxebizitza blokeetan, kolektibo zaurgarrienetan,...

-Horrez gain, eta berritasun gisa, dekretuak jasotzen du establezimendu eta erabilera publikoa duten leku itxi guztiak aireztatu egin behar direla.

-Lan eskaintza publikoak egiteko protokoloa ere zehaztu du dekretuak: prozesu selektiboak, tituluak lortzeko azterketak edo antzekoak egiten diren tokietan gehienezko edukiera erdia izango da. Gainera, azterketak antolatzen dituenak COVID-19aren aurkako protokolo bat izan beharko du.

-Haur eta gaztetxoen aisialdiari dagokionez, edozein jarduera gehienez sei laguneko taldeetan egin beharko da, eta, ahal den neurrian, aire zabalean. Gaua pasatzera joateko, aterpetxeen edo gisakoen edukiera erdira murriztuko da. Kanpin dendetan pertsona bakar batek egin dezake lo, bizikidetza unitate bereko kideen kasuan salbu.

Bestelako neurriak ere jaso ditu dekretuak, orain arte indarrean zeudenak eta bihartik aurrera bere horretan jarraituko dutenak. Hauek dira horietako batzuk:

-Gaueko mugimendua mugatuta egongo da aurrerantzean ere, 22:00etatik 06:00etara.

- Merkataritza eta kultur jarduerek 21:00etan itxita edo amaituta egon beharko dute.

- Ostalaritza establezimenduek 20:00etan itxi beharko dute, eta ezingo dute ireki 06:00ak baino lehen. Terrazetan zerbitzua eskaini ahal izango dute, eta barruko edukiera erdira murriztuta egongo da.

- Gehienez lau pertsonaren arteko bilkurak, kalean zein eremu pribatuan.

- Eskola kirola: sei laguneko taldeetan entrenatzeko aukera dago.

- Kale edana debekatuta dago.

- Espazio publikoetan erretzea debekatuta dago, bi metroko gutxieneko tartea ez badago.

- Txokoak eta elkarte gastronomikoak itxita egongo dira aurrerantzean ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.