Emakumeen Nazioarteko Eguna

Zaintzaren garrantzia azpimarratu dute alderdiek

Zaintza erdigunean paratzeko aldarrikapena egin dute alderdi politikoek gaur zabaldutako mezuetan. Alderdien aburuz, berdintasunerantz egindako urratsak ez dira nahikoak. 

Zaintza aldarrikatu dute alderdi politikoek. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko martxoaren 8a
15:24
Entzun

Azkenaldian, zaintza erdigunean paratzeko beharra azpimarratu du mugimendu feministak, eta alderdi politikoek ere hori nabarmendu dute Martxoaren 8a kari egindako hausnarketetan. 

EAJ Euskadiko Alderdi Jeltzaleak GUK egingo dugu leloa plazaratu du gaurko, eta kanpaina bat egin du sare sozialetan alderdiko emakumeak ezagutaraziz. Eusko Legebiltzarrak 2005ean onetsi zuen Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legearen ezarpena gogoratu du, eta nabarmendu du ezinbertzekoa izan zela emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko ekinean. Hala ere, oroitarazi du emakumeen kontrako desberdintasunak eta diskriminazioak bere horretan daudela oraindik ere.

Alderdiak nabarmendu du COVID-19ak eragindako pandemiak agerian utzi duela zaintza lanek berebiziko garrantzia dutela bizitzari eusteko: «Martxoaren 8an bereziki azpimarratu nahi dugu zaintza lanak ikusarazi, baloratu eta partekatu behar direla emakumeen eta gizonen artean, erakundeen eta gizarte osoaren artean».

Halaber, alderdiak berdintasunerantz egiteko hartuko dituen konpromisoen berri ere eman du. Bertzeak bertze, hauek dira: emakumeen eta gizonen artean berdintasun erreala eta eraginkorra lortzeko urrats sendoak egiten jarraitzea; herri kargudunentzat berdintasunari buruzko prestakuntza diseinatzeko eta prestakuntza hori haiei emateko plana garatzea; zainketa lanak ikusaraztea, balioestea eta emakumeen eta gizonen artean banatzea; eta emakumeen kontrako edozein indarkeria salatzea.

Zaintzaren aldarrikapena

Sortuk Irauli sistema. Zaintza sistema publikoa leloa plazaratu du gaurko. Alderdiak nabarmendu du pandemiak agerian utzi duela gabezia larria dagoela zaintzarako baliabide publiko eta komunitarioetan: «Zaintza bigarren mailako zeregintzat jo da historikoki, eta sistema kapitalista heteropatriarkalak emakumeen bizkar utzi izan du. Hori gutxi balitz bezala, ofentsiba liberalak gizarte zerbitzuak azpigaratu, pribatizatu eta prekarizatu egin ditu, jendarte osoaren ongizatearen kaltetan».

Alderdi abertzaleak bat egiten du Euskal Herriko mugimendu feministak deitutako mobilizazio eta leloarekin, eta nabarmendu du sistema iraultzeko ezinbertzekoa dela zaintza lanak erdigunean jartzea.

Etorkizunera begira, feminismoak azken urteetan eta azken bi greba feministetan izan duen indarra nabarmendu du Sortuk: «Gainera datorkiguna gogorra izan arren, balia dezagun oinarri hori, indar hori, burujabetzaren beharra azaleratzeko, burujabetza feminista eta trantsizio feministan aurrera egiteko. Borrokatzeko momentua da, merezi duten bizitzak bizitzea posible egingo duen errealitate baten alde, eredu berri baten alde, azken batean».

Inoiz baino beharrezkoagoa

Podemos-Ahal Duguko Pilar Garrido koordinatzaile nagusiak nabarmendu du Martxoaren 8an inoiz baino garrantzitsuagoa dela mugimendu feministaren ahotsa ozen eta argi entzutea: «Osasun, ekonomia eta gizarte krisiak ikusgarriago egin ditu gure sistemaren pitzadurak; sistema patriarkal eta matxista honek areagotu egin du emakumeok egunero egin behar dugun zaintzaren gainkarga».

Pandemiak eragindako krisia emakumeen bizkar dagoela salatu du Garridok, eta azpimarratu du emakume horietako asko prekarizatuta dauden emakumeak direla, eta lehen lerroan, eremu publiko zein pribatuan gizartea zaintzen aritu direla. «Zaintzaren arloko politiketan erantzukizuna hartu behar dute administrazioek, eta begirada feminista intersekzionalak politika publiko osoa markatu behar du, benetako eraldaketa sozialari ekiteko», azpimarratu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.