Sektore feminizatuenak prekarioenak direla salatu du ehunka jendek Baionan

500 pertsonak manifestazioa egin dute. Migranteen eskubideen aldeko mezuak ere ugariak izan dira.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko martxoaren 8a
16:06
Entzun

Ehunka pertsona elkartu dira Baionan mugimendu feministak antolatu duen manifestazioan. Ospitaletik abiatu eta suprefetura arte ibili dira, eta aldarrikapen anitzen ahotsa entzun ahal izan da bidean. Sindikatu batzuek grebarako deia egina zuten emazteen eskubideen alde, eta jarraipena zabala izan du zenbait egituretan. Baionako Bernat Etxepare lizeoan klaseak bertan behera gelditu dira, eta programazioa egokitu dute Euskal Irratietan.

Aines Haristoi LABeko kideak hartu du hitza ospitale atarian. Martxoaren 8a «urtemuga tristea» dela adierazi du, «parekotasun ezak segitzen duela eta injustiziak oraino hain begi bistakoak direla oroitarazteko». Emakumeek pairatu behar dituzten desberditasunak zerrendatu ditu, eta nabarmendu du pandemiak desberdintasun horiek areagotu baizik ez dituela egin. «Errazegia da osasun langileak beharrezkoak direla erratea. Beraien lana aitortzea garrantzitsua da, noski, baina ez da nahikoa!», aldarrikatu du. «Lan baldintzak ez dira inondik ere hobetu. Ospitaleetan, zahar etxeetan, etxeko zaintzarako lanetan, ez dute lanposturik sortu. Murrizketa logika batean segitzen dute, eta, deus ere ez da egina izan lanean osasun bermatzeko».

Haristoiek nabarmendu du feminizatuak diren lan eremuetan prekarietatea ínstalatu eta banalizatu» dela. «Ez da kasualitatea emazteok bagara lan prekarioenak egiten ari: zaintza, osasuna edota bizitzak laguntzeko zerbitzuak. Sistema kapitalista patriarkalari bost axola zaizkio bizitzak. Bere interesendako esplotatzen duen lan indarra beharrezkoa zaio, eta hori da inportan zaion gauza bakarra».

Ospitaletik Cassin lizeo aitzinera joan dira, eta han, Edurne De Ezkurra Bernat Etxepare lizeoko ikasleak hartu du hitza. «Gure hezkuntza sistemak ematen dizkigun hertsapenak salatu nahi ditugu. Gaur egun gure lanbide heziketari buruz baditugu zailtasunak emazteen lekua hor izateko. Emazte langileen eta emazte ikasleen borroka aldarrikatu nahi dugu gaur».

Migranteen eskubideen alde

Merkatuko plazan geldialdia egin dute eta mundu osoko emazteen deia irakurri dute bertan Zutik-eko kideek. Aldarrikapen hauek azpimarratu dituzte: pertsona guzien erregularizazioa, baldintzarik gabe, «bere buruari zapaltzeko eskubidea ematen dion estatu patriarkalak eraikitako bortizkerietatik atera gaitezen»; atxikitze zentroen itxiera, «mehatxatzen, beldurtzen eta isiltasunera behartzen gaituztenak»; bizitzeko leku duin bat guztientzat, etxebizitza guztientzat.

Baionako katedral aitzinean Cancion sin miedo kantatu dute emakume batzuek, eta handik Baiona Handiko supermerkatu batera jo dute. Haren aitzinean, Kitty Tsui emazte transexualaren olerki bat irakurri dute. «Ez nazazue gizona deitu; dei nazazue boteretsu, dei nazazue lotsagabe, dei nazazue inspiratu, dei nazazue nitaz segur, dei nazazue indartsu, dei nazazue harro».

Baionako suprefeturan, Emakumeen Mundu Martxako kideen mezua irakurri dute «mugen eta transnazionalen kontra». Zutik Emakumeak kantatuz bukatu dute mobilizazioa, 'Gora borroka feminista' oihuen artean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.