Emakumeen nazioarteko eguna

Aldarrikapen argiak egin ditu Bilboko Mugimendu Feministak goizean

Mobilizazio bira bat antolatu dute goiz osoan zehar. Hainbat leku sinbolikotan agerraldiak egin dituzte, atzerritarren legea, zaintza lanak eta energia eskubidea lehen lerrora ekarriz.

Bilboko Mugimendu Feministaren agerraldia gaur, Bilboko atzerritarren bulegoaren parean. OSKAR MATXIN EDESA/FOKU
Maialen Arteaga.
2021eko martxoaren 8a
17:03
Entzun

Emakumeen nazioarteko egunaren harira, goizetik hasita hainbat mobilizazio antolatu ditu Bilbo Feminista Saretzenek. Kolore beltz eta morez bete dira gaur Bizkaiko hiriburuko kaleak. Lehenengo agerraldia Bilboko atzerritarren bulego aurrean izan da,  goizeko 11:00etan. Bertan, Emakumeen Mundu Martxaren V. Ekintzarekin lotuta, arrazakeria salatzeko ekitaldi sinboliko bat egin dute bulegoaren atarian.  Kutxak pilatuz murru «antiarrazista» eraiki dute, Sistema arrazista arrakalatu, mugarik ez lelopean. Ondoren, mugetan eraildako emakumeak oroitzako, azken urteetan izandako hildakoen zifrak idatzi dituzte lurrean. Inmigrazio politikak eta lan baldintza kaskarrak salatu dituzte emakume migratuen kolektiboek: «Helmugara heltzean atzerritarren legediari aurre egin behar diote hainbat emakumek, eta lege honekin batera kapitalaren interesa lehenesten dute, eta ondorioz prekarietateak gure bizitzak blaitzen ditu, lan eskubideak sistematikoki urratuz». Horren aurrean aldarrikapenak argi dituzte: «Zaintza lanen erantzukizun kolektiboa behar dugu: zaintza sistema publiko, doako eta unibertsala». Zaintza ereduaren aldaketa lortzeko, borroka feminista eta antiarrazista beharrezkoak direla azpimarratu dute.

Ekitaldiaren ostean, atzerritarren bulegoan arrastoa utzi, eta udaletxera abiatu dira; bigarren geltokira. Astelehenero bezala, elkarretaratzea antolatu dute pentsionistek 12:00etan, eta haien mobilizaziora batu da Bilboko Mugimendu Feminista ere; pentsionisten zapi gorriekin batera zapi moreak nahastuz. Astelehen honetan emakume prekariezatuen lanak ekarri dituzte lehen lerrora, eta zaintza eta garbiketa lanak azpimarratu dituzte batik bat. «Emakume arrazializatuak zaintza lanak sostengatzen ditugunak gara, eta lan hauek beharrezkoak direla ikusi da. Feminismotik kapitalismoaren, patriarkatuaren eta arrazakeriaren kontra egin behar dugu borroka», adierazi dute Bilboko Mugimendu Feministako kideek. Pandemiak «egiturazko arazoa» azaleratu duela adierazi dute: «Egoera hau ez da ausazkoa, hiru ardatz horiek sostengatzen dute. Zaintzarik gabe ez dago bizitzarik, eta sistemaren iraupenerako beharrezkoak gara». Premiazkoak badira ere «ikusezinak eta gutxietsiak» direla salatu dute.

Azkenik, Bilboko Iberdrola enpresaren dorrean amaitu dituzte goizeko ekintzak. Bertan energiaren pobrezia salatu dute. Emakume Martxaren transnazionalen salaketari jarraiki, enpresa multinazionalen jardunak  salatu dituzte: «Energia oinarrizko eskubide bat da, eta aldiz, gutxi batzuk aberastu eta miloika emakume pobretzen eta prekariezatzen ditu», argitu dute.
Azkenik, arratsaldean Mugimendu Feministak antolatutako manifestaziora animatu ditu herritarrak. «Garai zailak izan arren», segurtasun neurri guztiak mantenduz mobilizatuko direla kontatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.