Katalunia

Meritxell Serret kontseilari ohiak bere burua entregatu du Espainiako Gorenean

Puigdemontekin Gobernu kontseilari izandakoa Belgikan erbesteratua zegoen 2017tik. Diru publikoa oker erabiltzeagatik eta desobedientziagatik dago auzipetua, baina ez dago haren aurkako euroagindurik.

Hurrenez hurren, Toni Comin, Lluis Puig eta Meritxell Serret kontseilari ohiak, Bruselan. STEPHANIE LECOCQ, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko martxoaren 11
11:30
Entzun

Ezustean agertu da Meritxell Serret Espainiako Auzitegi Gorenera. Iñigo Iruin haren abokatuak lagundurik joan da hara 2017tik Belgikan erbesteratua zegoen kontseilari ohia. Aurrez Carles Puigdemonten gobernuan aritu zen, Gobernu kontseilari lanetan, 2017ko urriaren 28an, 155. artikulua baliatuta kargutik kendu zuten arte.

Diru publikoaren erabilera okerra eta desobedientzia egotzita auzipetu zuen Gorenak Serret, baina, haren sailak urriaren 1eko erreferenduma antolatzeko ordainketarik egin zuen edo ez argitzerik izan ez dutenez, eta egoera berean auzipetutako gainerako kideak desobedientziagatik soilik zigortu zituztenez, ez zuten haren aurkako euroagindurik eman, 2019ko epaiaren ostean. 

Aldiz, bazegoen Serreten aurkako atxilotze agindua Espainian, haren adierazpenak jaso eta haren aurkako auziak aurrera jarraitu ahal izateko. Hala, datozen egunetan espero da deklaratzera deituko duela auzia daraman Pablo Llarena epaileak. Desobedientziagatiko isuna eta bi urte arteko inhabilitazio zigorra jaso ditzake Serretek. Llarenak hura behin-behinean aske uzteko agindu du.

ERC Esquerra Republicana de Catalunyak jakinarazi duenez, Kataluniako Parlamenturako joan den otsaileko bozetan lortutako diputatu akta jasotzeko asmoz itzuli da Serret Espainiara.

Erreakzioak

 ERCk txalotu egin du Serreten erabakia. Pere Aragones Generalitateko presidentetzarako Esquerraren hautagaiak egin dio ongietorria alderdiaren izenean: «Elkartu eta herriaren eta askatasunaren alde lanean jarraituko dugu». Zoriondu egin du Toni Comin Osasun kontseilari izandakoak ere; hura Bruselan dago oraindik, Puigdemont presidente kargugabetuarekin batera.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.