Literatura

Itxaro Borda eta Luis Garcia Montero izango dira Donostiako Poesialdian

Donostiako Poesiaren Astearen hirugarren aldia hilaren 22tik 26ra egingo da. 'Ulu, ala, ele, Abere ba' ikuskizun poetikoa ere estreinatuko dute

Itxaro Bordak parte hartuko du Poesialdian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
mikel lizarralde
2021eko martxoaren 11
12:53
Entzun

Poesialdia, Donostiako Poesiaren Astea, hirugarren aldiz egingo da, martxoaren 22tik 26ra, Donostia Kulturako hainbat gunetan. Aurreko aldietan bezala, Donostia Kulturak bat egin nahi du, horrela, martxoaren 21ean, olerkiaren irakurketa, idazketa eta argitalpenerako egitasmoak sustatzeko UNESCOk 1999an izendatu zuen Poesiaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin.

Aurtengo programazioa hilaren 22an hasiko da, astelehenean. Itxaro Bordak bere obra poetikoaren gako nagusiak azalduko ditu, Iratxe Retolazaren laguntzarekin, Ernest Lluch kultur etxeko areto nagusian (19:00), eta, aldi berean, zenbait poemaren irakurraldia eskainiko du.

Hurrengo egunean, 23an, Viktoria Eugeniako Club Aretoan Ulu, ala, ele, Abere ba ikuskizun poetikoak palindromoak izango ditu abiapuntu. Bigara bikote sortzaileko kideek (Itziar Aranburu eta Jon Ander Garcia) Abere ba palindromo ilustratuen piztegia liburua eta erakusketa egin ondoren, ikuskizuna sortu dute Amorante (Iban Urizar) eta Okene Abrego musikariekin batera. Musika, hitza eta irudia, aurreraka eta atzeraka. 23rako sarrera guztiak amaitu direnez, 26an beste emanaldi bat egingo dute.

24an, asteazkenean, Luis Garcia Montero poeta, idazle, kritikari eta irakaslearen txanda izango da. Esperientziaren poesiaren adierazgarririk handiena da García Montero, poesia espainiar garaikidearen funtsezko ahotsa. Itziar Minguez poetarekin solasean arituko da bere obra eta ibilbidearen inguruan, Ernest Lluch kultur etxean.

Azkenik, hilaren 25ean, IV. Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren sari banaketa egingo da. Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxeak elkarlanean antolatua, euskarazko poesia zabaldu eta 35 urte bete gabe dituzten idazle gazteen lanari bultzada emateko asmoz sortua izan da lehiaketa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.