Mugak

Mugen itxiera malgutzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuak Pirinio Atlantikoetako prefetari

Pasabideak itxi izanak inguruko biztanleei «eragozpen ugari» eragiten dizkiela salatu du Nafarroak. Mugen itxiera «luze gabe» kenduko duela erantzun du Eric Spitz prefetak

Poliziaren kontrola Hendaiako mugan, Santiago zubian. Elkarretaratzea egin zuten han dozenaka lagunek, mugen itxiera salatzeko. GUILLAUME FAUVEAU / IPARLA
Ion Orzaiz.
2021eko martxoaren 11
13:39
Entzun

Iragan urtarrilean, Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko zortzi pasabide ixtea erabaki zuen Pirinio Atlantikoetako Prefeturak; ohar batean adierazi zuenez, «terrorismoaren aurkako borroka indartzeko» xedearekin. Zehazki, honako bide hauek itxi zituzten: Hendaia eta Hondarribia lotzen dituen itsasoko joan-jinkaria; Hendaiako merkantzia zubia; Lizuniagako lepoa; Lizarrietako lepoa; Sarako bidea, Berruet bentaren heinean; Izpegiko lepoa; Aldudeko ibarra eta Iturzaetako lepoa.

Atzo, Atlantikoko Europa Hegoaldeko Erregioen Konferentzian parte hartu zuten Nafarroako Gobernuak eta Pirinio Atlantikoetako Prefeturak, eta, bertan, Sergio Perez Garciak, Nafarroako Kanpo Ekintzetarako zuzendari nagusiak, mugen itxiera malgutzeko galdegin zion Eric Spitz prefetari. Perezen esanetan, mugako zortzi pasabide itxi izanak «eragozpen ugari» eragin dizkie inguruko biztanleei: «Lan edo familia arrazoiengatik lurralde batetik bestera ibili behar dutenen mugimendua oztopatzen du, eta martxan diren lankidetza proiektuen garapena zaildu». Hori dela eta, «salbuespenak» ezartzeko eskatu zion gobernuko ordezkariak prefetari.

Nafarroako Gobernuak ohar batean azaldu duenez, prefetak erantzun zuen muga ixteko erabakia «ezohiko baldintzatan» hartu zela, eta debekua «luze gabe» kentzeko asmoa dutela. Hala ere, prest azaldu zen zenbait neurri adosteko, «inguruko herritarrek pairatzen dituzten eragozpenak arintze aldera».

Eric Spitz prefetak, ordea, atzo France Bleu irratian egindako elkarrizketa batean esan zuen ez duela aurreikusten mugako pasabideen irekitzea «luze gabe». Gaineratu zuen, «solaskideak», hau da, Hego Euskal Herriko erkidegoak  «fermuki» jokatzen ari direla «Espainiako egoera» epidemiologikoa ikusita. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.