AEB-ak

New Yorkeko gobernadorearen aurkako sexu abusu salaketak ikertuko dituzte

Andrew Cuomo gobernadore demokrataren kontrako epaiketa politiko bat egiteko lehen urratsa da ikerketa. Alderdi Demokratak berak egin du eskaria.

Andrew Cuomo New Yorkeko gobernadorea, artxiboko irudi batean. SETH WENIG, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko martxoaren 12a
10:58
Entzun

Hiru orduko ezohiko batzarraren ostean jakinarazi zuen atzo New Yorkeko Ordezkarien Ganberak Andrew Cuomo gobernadorearen aurkako ikerketa zabaltzeko asmoa duela. Cuomorekin lantaldeko hainbat kide eta kide ohik haren aurka aurkeztutako sexu jazarpen salaketek eta zahar etxeetan koronabirusak eragindako heriotzen kudeaketen inguruan izandako kritikek bultzatu ditu Alderdi Demokratako kideak urrats hori egitera. Aurrez, New Yorkeko Kongresuko 59 kidek —Ordezkarien Ganberako eta Senatuko kide demokratek %40 inguruk— haren dimisioa eskatu zuten, idatziz, salaketen harira.

Ikerketak gobernadorearen aurkako epaiketa politikoa egin ahal izateko lehen urratsa litzateke, baita lehen aldia ere halako prozedura bat hasten dutela azken mendean. «Gobernadorearen aurkako salaketak larriak dira», azaldu zuen bart gauean Carl E. Heastie demokratak eta Ordezkarien Ganberako bozeramaileak. Heastiek aurreratu zuenez, ikerketaz arduratuko den batzordeak hainbat lekuko galdekatuko ditu.

Demokratek, ordea, ez dute oraingoz epaiketa egiteko pauso gehiagorik emango, baldin eta alderdikideen gehiengo batek prozedura babesten ez badu. Cuomok berak barkamena eskatu du emakumeen inguruan egindako zenbait adierazpenengatik, baina ukatu egin du inolako «lekuz kanpoko ukiturik» egin izana.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.