BIHAR BERRIA-N

Sokari tira, adoreari eusteko

XIX. mendearen amaieran, ontziak itsasadarrean gora mugitzen zituzten ‘zirga’ izeneko soka luze batetik tiraka. Zirgariak ziren horretan ziharduten andreak. Haien historia aletuko du besteak beste, bihar Bizigiro gehigarriak.

Zirgarien omenez, eskulturak jarriko dituzte Bilboko itsasadarrean. Dora Salazarrek sortu ditu. MARISOL RAMIREZ /FOKU
Zihara Jainaga Larrinaga.
2021eko martxoaren 12a
19:04
Entzun

Hainbat dira itsasoari loturiko ogibideak: arrantzaleak, sardina saltzaileak, zamaketariak, armadoreak, kontserbagileak... Batzuk besteak baino ezagunagoak. Biharko BERRIAk bereziki ikusezina izandako lanbide bat izango du hizpide Bizigiro sailean: zirgariena. Hiruzpalau pertsonako taldeetan, zirgariek arrastaka eramaten zituzten itsasadarrean zehar, soka bati tiraka, merkantzia hirira zekarten gabarrak. Emakumeak eta gizonak aritzen ziren, baina, batik bat, emakumeei edota haurrei emandako lana zen. Hain zuzen, hasieran idiek egiten zuten lan hori, baina emakumeekin ordezkatu zituzten. Olga Macias historialariak adierazi duenez, idiak baino gehiago gutxiesten zituztelako eta eskulan merkea zirelako jartzen zituzten emakumeak lan horretan. Are gehiago, baldintza penagarrietan egiten zuten.

Isilpean eta babesik gabe egindako lana izan zen, eta Maciasek bereziki azpimarratu du ez dagoela ia informazio eta dokumenturik haiei buruz. XIX. mendearen amaieran, ez zuen luze iraun zirgarien ogibideak, hamabost urte inguru. Baporeak iritsi zirenean desagertu egin ziren. Mende bat igarota, haien omenezko eskulturak jarriko dituzte Bilboko itsasadarrean. Dora Salazarrek sortu ditu.  

Zirgarien istorioa ezagutzeaz gain, beste hainbat kontu ere irakurri ahalko dira bihar. Horien artean, gastronomiari zuzendutako atalean, Luis Irizar. Maestro de los maestros liburua izango da aipagai. Euskal sukaldaritza berriaren sortzailetzat jotzen da Irizar, eta haren ikasle eta miresle izandakoek sukaldariaren irakaspenak eta bizipenak batzen dituen liburua aurkeztu dute aste honetan. Hantxe izan ziren Martin Berasategi eta Ander Gonzalez, besteak beste.

Telesailei dagokienez, Islandiako Radherran telesailaz arituko da Mikel Iarza. Dioenez, kode moralen inguruan hausnartzen duen zortzi ataletako telesailak irauli egin du fikzio politikoa. Zinemaren atalean, berriz, Euskal Herrian gelditu da oraingo honetan Nagore Arin. Hain zuzen, Berri Txarrak taldearen Ikusi Arte birako irudiak jasotzen dituen Dardara dokumentalaren aipamena dakar. Marina Lameiro zinemagilearen lana datorren ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.

Azkenik, Gus Elizondok sortu duen bidaiatzeko «beste manera» ezagutu ahal izango da. Hain zuzen, eguneroko autoa bost minutuan autokarabana bilakatzeko kutxa kengarria asmatu du Elizondok, mugitzea arintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.