Zinema

Margaux Lorier ekoizle baionarrak film labur onenaren Cesar saria irabazi du

Adieu les cons filmak lortu ditu sari nagusiak. Industriako kideek Frantziako Gobernuaren neurriak kritikatu dituzte, eta zinema aretoak irekitzeko eskatu dute.

Lorier ekoizleta eta Alaoui zuzendaria, Cesar sariarekin. THOMAS SAMSON / EFE
2021eko martxoaren 13a
14:38
Entzun

Bart banatu dituzte Frantziako zinemaren sari nagusiak, Parisko Olympia aretoan. Albert Dupontel zuzendariaren Adieu les cons filma izan da garaile nagusia, hark irabazi baititu film, zuzendari, gidoi eta argazki onenen sariak, besteak beste. Film laburrik onenaren saria, baina, Sofia Alaoui zuzendariaren Qu'importe si les bêtes meurent lanari eman diote. Zuzendariarekin batera jaso du sari hori Margaux Lorier ekoizleak.

Lorier Baionakoa da, eta 32 urte ditu. «Umetatik amestu duen unea» bizitzen ari zela adierazi du Cesar saria jaso duenean. Rene Cassin lizeoan egin zituen ikasketak, Literatura ikasketak egin zituen, eta zinemaren munduan aritu izan da lanean, ekoizpenean.

Alaouirekin elkarlanean sortu zuen Qu'importe si les bêtesmeurent filma, 2019an, eta ordutik 70 zinema jaialdi baino gehiagotan erakutsi ditu. Film labur onenaren saria irabazi zuen, besteak beste, Sundance zinemaldi entzutetsuan. AEBetako eta nazioarteko zinema independentearen elkargune garrantzitsua da.

Cesar sarien 46. aldia, gainerakoan, industriaren aldarrikapenez bete zen. Frantziako zinema aretoak zortzi hilabetez egon dira itxita azken urtean, eta oraindik ez dakite noiz irekiko dituzten. Frantziako Gobernuaren neurriak kritikatu dituzte, eta aretoak zabaltzeko eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.