Albistea entzun

Zinegoak jaialdia

Txileko 'La nave del olvido' filmak irabazi du Zinegoak Sari Nagusia

Antolatzaileek nabarmendu dute sari gehienetan «mezu positiboak, baikorrak eta itxaropentsuak dituzten filmak» saritu direla. Aurten saritutako film luze guztiak emakumeek zuzendu dituzte.

Hitzarte bat aurtengo Zinegoak jaialdiaren proiekzioetako batean.
Hitzarte bat aurtengo Zinegoak jaialdiaren proiekzioetako batean. Zinegoak Tamaina handiagoan ikusi

Paulo Ostolaza -

2021eko martxoak 14 10:06

Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans 18. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak gaur arratsaldean egin du itxiera ekitaldia Bilboko Bilborock aretoan, eta han jakinarazi ditu aurtengo palmareseko saridunak. Hainbat sari eman dituzte, eta Pau Guillen jaialdiaren zuzendariak balorazio oso positiboa egin du, pandemiak zailtasunak sortu dizkien arren, proiekzioei eutsi ahal izan dietelako: «Ikusleen erantzuna bikaina izan da, jende asko bildu da, eta areto asko goraino bete dira jaialdiak iraun dituen bi asteetan». Aurten, jaialdiak ez du aurrez aurreko gonbidaturik izan, baina nazioarteko hogei zinemagilerekin antolatu dituzte online solasaldiak.

Zinegoak Sari Nagusia La nave del olvido filmak irabazi du. Nazioarteko epaimahai baten eta ikusleen artean erabaki dute garailea, eta Nicol Ruiz Benavides txiletarraren filmari eman diote, fikzio onenaren saria ere irabazi duena. Epaimahaiko kideen arabera, film horrek «gaitasun handiarekin aldarrikatzen du pertsona nagusiek duten maitatzeko eskubidea». Sail ofizialen bertan, aipamen berezia egin diote Ray Yeungek zuzendutako Suk suk Hong Kongeko filmari, ikuslea «hauskortasun eta sentiberatasun handiarekin hunkitzea lortzen duelako».

Dokumentalen atalean, berriz, Alltid Amber (Always Amber) izan da irabazlea, Lia Hietalak eta Hannah Reinikainenek zuzendua: «Nerabeen identitate arazoetan beharrezkoa den erretratu eraginkorra da, eta Amber pertsonaia etengabe bilatzen ari da, haren eta haren inguruaren arteko elkarrizketa osoa eta osasungarria aurkitzeko», adierazi du epaimahaiak. Aipamen berezia Bruno Santamariaren Cosas que no hacemos filmari egin diote.

Azkenik, film luzeak, narratiba berriak eta proposamen esperimentalagoak batzen dituen KRAK sailean Georgiako film bat izan da garailea: Tamar Shavgulidzeren Comets. Adituen ustez, hura izan da saileko proposamenik arriskutsuena eta deigarriena: «Film txiki baina zintzoa da, adineko bi emakumeren arteko maitasunari buruzkoa, eta ez da oso ohikoa istorio horiek aurkitzea».

Sari bereziak

Sari nagusiez gain, babestutako hainbat sari berezi ere banatu ditu Zinegoak. Adibidez, lesbianen hainbat elkartek osatutako epaimahaiak, Bilboko Udaleko Berdintasun Zerbitzuaren laguntzarekin, La fabrique du consentement: regards lesbo-queer filma saritu du, «oso beharrezkoa den gai bati heltzeagatik, baimenarena, hori guztia kontatzeko duen moduagatik batez ere». Aipamen berezia egin diote Deine schöne gestalt filmari.

Aniztasun eta Giza Eskubideen Saria, berriz, Patricia Vidal Delgadoren La leyenda negra-k jaso du, «zapalkuntza desberdinei aurre egiten dielako arlo ezberdinetatik, eta zinematografia aldetik duen kalitate handiagatik». Bizkaiko Foru Aldundiko Lankidetza eta Aniztasun Zuzendaritza Nagusiak babestu du sari hori.

Euskal Aktoreen Batasuneko epaimahaiak banakako bi sari banatu ditu: Lena Urzendowskyri eman diote Interpretazio Protagonista Onenaren saria Leonie Krippendorffen Kokon filmagatik, eta Antzezle Onenaren saria, berriz, Ekaterine Kalatozishvilirentzat izan da, Comets lanagatik. Film laburrei dagokien Publikoaren Saria Pati Cruz zuzendariaren La amante komediarentzat izan da.

Bi sari jaso ditu Manuel Marmierrek zuzendutako Les saints de kiko lanak: Senior Epaimahaiarena eta Gazte Epaimahaiarena. Epaimahaiko kideen arabera, «film osoa da, oso argazki zaindua du, estetikoki oso erakargarria da eta hainbat diziplina batzen ditu».

Azkenik, aurten lehen aldiz banatu dute ZG PRO saria, «bidean dauden proiektuak saritzeko». Sari horren lehen irabazlea izan da, beraz, Cecilia Montagut zuzendari argentinarraren Las chicas del poligono lana.

Jaialdia amaitu da Bilbon, baina orain ZG Hedapena hasiko dute: Euskal Herriko 50 herri baino gehiagotara egingo dute ibilbidea, zinema eta aniztasuna herri txikienetara ere eramateko.
 

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Harry Potterren sortaren lehen liburua, Londresko liburu denda batean. / ©Claudia Sacrest, EFE

Harry Potterrek 25 urte beteko ditu bihar

Jon OrdoƱez Garmendia

J. K. Rowlingek 1997ko ekainaren 26an argitaratu zuen Harry Potter eta Sorgin Harria-ren ingelesezko edizioa.

<b><em>Simone Veil <em>pastoraleko mustraka bat; 95 arizale aste hondar guziez elkartzen dira.</em> </em></b> ©SEVERINE DABADIE

Veil pastorala hasia da ate joka

Ainize Madariaga

Hiru emanaldi eginen ditu 'Simone Veil' pastoralak Muskildin: uztailaren 24an eta 31n, eta agorrilaren 6an. Bostehun lagunendako bazkaria prestatuko dute ikastolek egunotan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...