INDARKERIA MATXISTA

Bortxa matxistagatik jarritako salaketak %9,3 jaitsi dira Hego Euskal Herrian

7.151 salaketa jarri zituzten emakumeek 2020an, eta 24 adingabe ere egoera horretan egon ziren. Halere, beherakadaren datua ez dela «erreala» ohartarazi dute ikerketaren egileek.

Indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko eguneko mobilizazio bat, iaz, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko martxoaren 15a
13:53
Entzun

Indarkeria matxistagatik jarritako salaketen kopurua %9,3 jaitsi zen Hego Euskal Herrian iaz, 2019ko datuekin alderatuz gero. Hain zuzen, 2020an 7.151 salaketa jarri ziren, aurreko urtean baino 737 gutxiago, Espainiako Etxeko eta Genero Indarkeriaren aurkako behatokiak eskainitako datuen arabera. Emakumeen egoeraz gainera, biktima izan diren adingabeen kopurua ere jaso du urtero aurkeztu ohi duten txostenak, eta, ondorioztatu dutenez, iaz 24 adingabe egon ziren egoera horretan. 2019an, ordea, ez zuten kasu bat ere jaso. Behatokiko kideek ohartarazi dute izurriteak eragindako krisiaren «ondorio zuzenak» direla dokumentuan jasotako datuak, eta, batez ere, konfinamenduko lehen hilabeteenak.

Salaketak jasotzeko erak zeintzuk izan diren ere biltzen du txostenak. Esate baterako, 2020ko azken lauhilekoko datuen arabera, ondoriozta daiteke bortizkeria matxistaren biktima gehienek polizia etxeetara jotzen dutela salaketa jartzera. Hegoaldean, 1.028 emakumek egin zuten hautu hori iazko azken hilabeteetan. Hala ezean, familiako kideek jartzen dute salaketa. Beste salaketa bideei dagokienez, biktima edo ingurukoren bat zuzenean joan ohi da epaitegira, eta laguntza zerbitzuetatik ere salaketak jarri ohi dituzte. Behatokiak, ordea, gaineratu du beherakada hau ez dela «erreala». Izan ere, izurritean hainbat izan dira erasotzailearekin batera etxean sartuta egon behar izan diren emakumeak eta adingabeak, eta laguntza eskatzeko aukera murritzak izan dituzte.

Erasoak jasandako emakumeen eta adingabeen babesari dagokionez, 945 agindu abiarazi zituzten epaitegiek, aurreko urtean baino %29,8 gutxiago. Horietatik hamar ez ziren onartu, 350 ukatu egin zituzten, eta 585, onartu.

Ezarritako zigorrak

Prozedurei dagokienez, iaz, zehazki, 1.043 erasotzaile zigortu zituzten, eta 69 absolbituak izan ziren. Bi kasuetako zenbatekoak 2019ko datuak baino baxuagoak dira, baina gogoan izan behar da salaketak ere gutxiago izan zirela, eta zigortutakoen kopurua absolbitutakoena baino handiagoa dela. Horrez gainera, bortxa matxistagatik hamalau adingabeko ere zigortu zituzten Hego Euskal Herriko epaitegiek. Horietatik guztiei ezarri zizkieten neurriak. Hala ere, datu hau 2019koa baino baxuagoa da. Ordu hartan, hemezortzi gizonezko adingabe zigortu zituzten, 2020an baino lau gehiago, alegia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.