Protesta

Belateko tunela itxiko dute gaur premiazko neurriak eskatzeko

N-121-A errepidearen inguruko herrietako 64 alkatek eta Oronozko parkeko 33 suhiltzailek itxiko dute errepidea. Salatu dute Belateko eta Almandozko tunelek ez dituztela Europako segurtasun legediak betetzen. 

Belateko tunela, artxiboko irudian. JON URBE, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko martxoaren 15a
16:26
Entzun

N-121-A errepidearen inguruko herrietako 64 alkatek eta Oronozko parkeko 33 suhiltzailek errepidea itxiko dute gaur Belate parean (Nafarroa), premiazko neurriak eskatzeko. Arratsaldeko 18:00etan egingo dute, Belateko tuneletan, Almandozko aldean. 

N-121-A errepideak Behobia (Gipuzkoa) eta Iruñea lotzen ditu, eta Nafarroa iparraldeko herriak hiriburuarekin lotzen dituen errepide nagusia da. Egunean, batez beste, 11.000 ibilgailu pasatzen dira bide horretatik, eta haietako 2.800 inguru ibilgailu astunak dira, Nafarroako Gobernuaren azken datuen arabera.

Errepide horretan daude, hain zuzen, itxiko dituzten tunelak: Almandozkoa eta Belatekoa. 1997an inauguratu zituzten, eta, alkateek salatu dutenez, ez dituzte segurtasun neurriak betetzen: «Gobernuak 15 urteko epea izan zuen segurtasun araudira egokitzeko. Epea bukatu da, baina oraingo gobernuak deus egin gabe segitzen du».

Argi utzi dute Europak ezarritako araudia argia dela, eta nabarmendu dute tunelen egoera kaskarragatik gobernuak izan dezakeen isuna alde batera utzita, neurriak hartu behar direla tunelak behin betiko egokitzeko, luze gabe erabiltzaileen segurtasuna ziurtatzeko. «Ulertezina da egungo gobernuaren jarrera. Azpiegiturek duten arrisku maila handiaren jakitun daude, baina ez dute neurririk hartzen, eta, horren ondorioz, egunero aurre egin behar diogu tunel barrenean sutea izateak sortuko lukeen arrisku larriari».

Gaur errepidea mozteaz gain, bertzelako mobilizazioak ere egin bide dituzte alkateek; gaur eginen duten agerraldian emanen dute horien berri. Bernardo Ziriza Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesio kontseilariari eskatuko diote premiazko neurri osagarriak ezarri eta hartzeko, behin-behinean eta azpiegitura horiek aipatutako zuzentarauak eskatzen duen segurtasun-mailara behin betiko egokitzen ez diren bitartean.

2+1 bihurtuko dute

Nafarroako Gobernuak hasi berri ditu errepidea 2+1 bihurtzeko lanak. Gobernuaren hitzetan, horrek konponduko ditu gaur egun dauden segurtasun arazoak. 2+1eko bide bihurtzeak erran nahi du errepidea noranzko biko galtzada bat izanen dela, eta erdian dagoen erreia aurreratzeko baliatuko dela, tarteka noranzko batean eta tarteka bertzean, erdibitzaile batek bereizita. Errepide inguruko 22 herritako alkateak, ordea, kexu dira, eta lanak egiteaz gain salgaien nazioarteko garraioa N-121-A errepidetik ateratzeko eskatu dute.

Herritarrak behin baino gehiagotan atera dira karrikara, Nafarroako Gobernuari konponbide bat eskatzeko. Iazko otsailaren 28an, adibidez, 1.500 pertsonak baino gehiagok egin zuten protesta Beran, «segurtasuna» eskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.