Udalekuak

EAEko udalekuetan 2.321 leku egongo dira 7 eta 12 urteko haurrentzat

Haurrentzako arte eta sorkuntza udalekuetako artxiboko irudi bat, 2019an, Irunen (Gipuzkoa). JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2021eko martxoaren 15a
18:01
Entzun

Iaz, pandemia zela eta, ez zen EAEko aldundiek antolatutako udalekurik izan, baina aurten berriro programatu dituzte, 7 eta 12 urte arteko haurrentzat. Zazpi eguneko hiru txanda egingo dituzte, uztailaren 1a eta 29a bitartean. 2.321 leku eskainiko dituzte: 815 Araban, 822 Bizkaian, eta 684 Gipuzkoan. Leku horietatik guztietatik 2.147 euskaraz izango dira, eta 174 elebidunak.

Ana del Val Arabako Kultura eta Kirol diputatuak, Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, eta Harkaitz Millan Gipuzkoako Kultura, Gazteria eta Kirol diputatuak aurkeztu dituzte, gaur, udalekuak, eta nabarmendu dute ingurumenarekin loturiko jarduerak eskainiko dituztela udalekuek, kirola ekintzak egin ahal izango direla (piraguismoa, mendiko ibilaldiak, bela eta beste), eta tailerrak ere emango dituztela, besteak beste.

Arabak lau instalazio jarriko ditu: Zuhatza, Barria, Espejo eta Bernedo. Sei jarriko ditu Bizkaiak: Gorliz, Lapurreketa, Lurraska, Zugaztieta, Meakaur eta Bertiz. Eta Gipuzkoak sei: Orio, Zarautz, Hondarribia, Arantza, Irisarriland —azken biak Nafarroan daude—, eta seigarren bat zehaztu gabe dagoena.

Hiru foru aldundiek ordainsariak adostu dute: 130 eurokoa izango da. Prezio horrek barnebiltzen ditu, aurkezpenean zehaztu dutenez, ostatua, gosaria, askaria eta afaria, dinamizazio zerbitzu bat, erantzukizun zibileko aseguru bat, baita jatorrizko tokitik (Bilbo, Gasteiz eta Donostia) instalazioraino egin beharreko joan-etorriko bidaia ere. Beherapena egingo zaie diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten familietako haurrei, baita sendi ugarietako umeei ere.

Araban, hilaren 22 eta 31 artean eman ahal izango da izena, eta zozketa apirilaren 14an egingo dute. Bizkaian, 18tik 29ra egongo da zabalik epea, eta zozketa apirilaren 27an izango da. Gipuzkoan, apirilaren 13tik 20ra eman ahal izango da izena, eta zozketa apirilaren 27an egingo dute.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.