Kolonbia

Bedoya: «Kolonbiako Estatuak nire bahitzaileak babestu ditu»

Lehen aldiz, Giza eskubideen Auzitegi Interamerikarrera iritsi da gatazka armatuaren barruan eginiko sexu eraso kasu bat. 2000. urtean, paramilitarrek Jineth Bedoya kazetaria bahitu, torturatu eta bortxatu zuten.

Indarkeria matxistaren biktimen omenez eginiko erakusketa, Medellinen (Kolonbia). LUIS EDUARDO NORIEGA A. / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 15a
19:24
Entzun

Lehen aldiz, Kolonbiako gatazka armatuaren barruan eginiko sexu eraso kasu bat IACHR Giza Eskubideen Auzitegi Interamerikarrera iritsi da. Jineth Bedoya kazetariarena da. Kolonbiako Estatua salatu zuen hark, haren aurkako mehatxuen jakitun egon arren babesik ez emateagatik. Paramilitarrek Bogotako Modelo espetxearen aurrean bahitu zuten, duela 21 urte. Gaur, epaiketaren lehen egunean, kazetariak salatu du «torturak eta bortxaketa masibo bat» jasan zituela: «Herrialdeko kazetarientzat eskarmentu bat zela esan zidaten». Gaur eta bihar artean, bi testiguk eta bi perituk hartuko dute hitza.

Kolonbiako gatazka armatua eta talde paramilitarren eta polizien arteko harremanak bertatik bertara aztertu dituzten kazetarietako bat izan da Bedoya, eta lan hori gogotik ordaindu zuen 2000. urteko maiatzaren 25ean, El Espectador egunkariko langile zela. Garai hartan, Modelo espetxea «operazio bulego» gisa erabiltzen zuen «arma trafiko eta giza salerosketa» kasu bat ikertzen ari zen, paramilitarrak eta poliziak inplikatuta zituena. Hala, preso batek kartzelan elkarrizketatzeko gonbitea egin zion. Hura, ordea, tranpa bat zen, eta paramilitarrek bahitu egin zuten.

Gerora, hiru lagun epaitu eta zigortu zituzten bahiketagatik. Bedoyaren esanetan, baina, prozesua irregulartasunez beteta egon zen, eta fiskaltzak «bidegabe» jokatu zuen harekin: «Hamabi aldiz azaldu behar izan nuen nire bortxaketa». Gainera, aurkeztutako frogak eta espedientearen hainbat atal «galdu» egin ziren prozesuan, eta informazio iturri bat hil zuten, Bedoyari «froga bat eman eta ordubetera». Hala, kazetariak epaileen aurrean salatu dukasua 11 urtez «geldirik» egon zela Auzitegi Interamerikarrak hartu zuen arte: «Ez da ikertu; ez da ezer aurreratu, bahiketa agindu zutenen izenak eman ziren arren».

Egindako aurrerapauso bakarrak kazetaritza lanen ondorio izan ziren. Bedoyak adierazi du egile material eta intelektualen artean hogeitik gora izan zirela hari eginiko torturetan eta sexu erasoan parte hartu zutenak, «baina fiskaltzak ez du gehiago ikertu nahi izan». Horietako hainbaten izenak publiko egin zituzten: besteak beste, Kolonbiako Poliziako jeneral batena, «eragin eta botere handikoa». Kazetariak uste du azken hori, ikertu beharrean, «babestu» egin dutela: «Lagunak izan ditu nire bahiketatik gaur arte indarrean egon diren gobernu guztietan».

Horregatik guztiagatik, Kolonbiako Estatuaren aurka jo du. Salaketaren arabera, Estatua Bedoyaren arrisku egoeraren jakitun zegoen, eta ez zuen neurririk hartu hura babesteko, «emakumeen aurkako biolentzia ohikoa zen testuinguru batean». Izan ere, ez zen hura izan Bedoyak jasaniko lehen erasoa. Behin eta berriz salatu zituen mehatxuak, eta, hilabete batzuk lehenago, bera eta bere ama bahitzen saiatu ziren. Gerora, 2005. urtean, bigarren aldiz bahitu zuten, El Tiempo egunkariko kazetari zela. Handik zortzi egunera askatu zituzten bera eta berekin zihoan argazkilaria.

Bedoyak adierazi du jasanikoak bere bizitza «suntsitu» zuela, baina modua aurkitu duela «ausart» jokatzeko, «kazetaritzan babestuta». Hala, min hori «eraldatzea» lortu duela gaineratu du, «besteei laguntzeko».

Bide horretatik, berarentzat eta bere amarentzat babesa eskatzeaz gain, Kolonbiako emakumezko kazetariei ere laguntzeko eskatu zien epaileei, eta neurriak hartzeko gatazka armatuaren barruan «sexu erasoak jasan dituzten emakumeen erreparazioa» bermatzeko. Hala, Modelo espetxea, «giza eskubideen urratze mota guztien sinbolo dena», itxi eta «memoriarentzako gune» bilakatzeko eskaera egin du.

Kasuen %99, argitu gabe

Bedoyak zuzendutako No es hora de callar (Ez da isiltzeko ordua) kolektiboak eta Andeetako Unibertsitateak eginiko ikerketa baten arabera, Kolonbiako emakumezko kazetarien %60k mehatxu edo erasoren bat jasan dute beren ibilbidean, eta hamarretik zortzik euren burua zentsuratu dute, beldurragatik. Izan ere, Kolonbian ohikoak dira kazetarien aurka eginiko erasoak, eta, Giza Eskubideen Auzitegi Interamerikarraren arabera, horien %99 argitu gabe daude oraindik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.