Brasil

Bolsonarok laugarren Osasun ministroa izendatu du pandemia hasi zenetik

Eduardo Pazuello jenerala ordezkatuko du Marcelo Queiroga kardiologoak. Datozen egunetan egingo du karguaren zina.

Marcelo Queiroga izango da Brasilgo Osasun ministroa. Pandemia hasi zeetik laugarrena. MARCOS OLIVEIRA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko martxoaren 16a
12:01
Entzun

Urtebete eskasean hiru Osasun ministro izan ditu Brasilek, eta laugarrena bidean da. Lehena, Luiz Henrique Mandetta, Jair Bolsonarorekin batera heldu zen gobernura, 2019an, baina urtebete iraun zuen karguan. Estatuburuak pandemiaren inguruan hartutako jarrerarekiko kritikek, eta, batez ere, gaixoei klorokina ematearekin ados ez egoteak bultzatu zuten haren kargugabetzea. Bigarrenak, Nelson Teichek, hilabete iraun zuen, eta dimisioa eman zuen, argudiatuta ez zetorrela bat baliabide publikoak klorokinaren erabilera bultzatzera bideratzearekin, ez zegoelako frogarik botika horrek koronabirusari aurre egiteko balio zuela esateko. Hirugarrena, Eduardo Pazuello jenerala, karguan da oraindik, baina Bolsonarok iragarri du datozen egunetan etorriko dela aldaketa. Pazuello, aurreko biak ez bezala, bat dator estatuburuaren politikekin, baina pandemiak herrialdean eragindako osasun krisiak gogortu egin ditu haren aurkako ahotsak. Ondorioz, lehen bien bidetik, txertaketa azkartzearen eta isolamendu neurriak hartzearen aldeko jarrera duen kardiologo bat hautatu dute Osasun ministro kargurako: Marcello Queiroga.

Bolsonaro familiaren oso gertukoa da Queiroga, eta, hala ere, ez da izan estatuburuaren lehen hautua. Ludhimila Hajjar kardiologoa zen babesik handien zuena, eta harekin hitz egin zuen lehenik presidenteak. Haijarrek, ordea, uko egin zion karguari, adieraziz ez dagoela bien arteko «adostasun teknikorik». Baiezkoa eman dio, berriz, Queirogak, orain arte Brasilgo Kardiologia Elkarteko presidentea izan denak. Elkarte horrek joan den maiatzean ohar bat plazaratu zuen Queirogak berak sinatuta, zeinetan COVID-19a zuten gaixoei klorokina ematea gaitzesten zuen. Egun batzuk geroago, ordea, beste idatzi bat plazaratu zuten, esanez botika horiek jasotzeko gaixoak bere onespena eman behar zukeela.

Osasun ministro berriak eskuak bete lan izango ditu datozen egunetan. Izan ere, inoizko daturik txarrenak ditu Brasilek kutsatu eta hildakoei dagokienez: 11.519.609 kasu atzeman dituzte orain arte, eta hildakoak 279.296 dira —horietatik 1.057 atzo jakinarazi zituzten—. Herrialde hura da mundu mailan kasu gehien dituena, AEBen atzetik.

Bolsonaro bera baikor agertu da Queirogaren izendatzearekin, eta nabarmendu «Pazuelloren lana jarraitzea» izango dela haren ardura. Pazuellok, ordea, kritika gogorrak jaso ditu azken asteetan Amazonian agertutako birusaren aldaera berria behar bezain azkar kontrolatzeko gai ez izateagatik. Aldaerak kutsatzeak nabarmen igotzea eragin zuen, eta horrek, osasun sistema kolapsatzea. Hala, gaixoak Manaosko erietxetik beste batzuetara eraman behar izan zituzten tratamendua jaso zezaten. Gauzak horrela, fiskaltzak ikerketa bat abiatu du Pazuelloren aurka.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.