Kurdistan

Ocalanen senideek ez dute haren berri

PKK-ko buruzagi historikoa kartzelan hil den zurrumurruak hedatu ziren igandean, sare sozialetan. Turkiak ukatu egin du, eta adierazi du bizirik dagoela.

Ocalanen aldeko manifestazio bat Dusseldorfen (Alemania), 2018an. SASCHA STEINBACH / EFE
Igor Susaeta.
2021eko martxoaren 17a
12:48
Entzun

Abdullah Ocalan kartzelan hil den zurrumurruak hedatu ziren joan den igandean, sare sozialetan. PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buruzagi historikoaren senideek esan dute ez dutela haren berririk. «Iazko apirilaren 27tik ez dakigu nola dagoen», azaldu dio Ocalanen senide batek Rudaw Kurdistango hedabideari. Turkian dago preso Ocalan, 1999tik, Imrali uhartean, Bursa probintzian, eta hango fiskalarentzat «oinarririk gabekoak» dira zurrumurruak. «Bizirik dago, osasun onean». PKKko liderraren abokatuek garrantzia kendu diete zurrumurruei, baina Turkiak ezarritako baldintzen ondorioz harekin komunikatzeko dituzten zailtasunak kritikatu dituzte. Bien bitartean, Ocalanekin gertatzen ari dena salatzeko manifestazioa egin zuten atzo, Siriako kurduen Kobane hirian.

COVID-19aren izurria Turkiako kartzeletan ere hedatzen hasi zenean hitz egin ahal izan zuten Ocalenen senideek azken aldiz harekin. «Ondo dago», esan zion iazko apirilaren 27aren ondotik Mehmet anaiak Rudaw komunikabideari. Baina orduz geroztik ez dute haren berririk. Kurdistango HDP Herriaren Alderdi Demokratikoa koalizioaren parlamentari batek eskatu dio Osasun Ministerioari Ocalanen senideek aukera eduki dezatela hura bisitatzeko. «Baina ez dute erantzun ez baietz, ez ezetz». Atzo, parlamentari berak salatu zuen Recep Tayyip Erdogan buru duen gobernua ez dela ari ikertzen nork argitaratu zituen zurrumurruak. «Nahiko balu, gobernuak webgune horiek identifikatu ahal izango lituzke».

Turkiako Gobernuarentzat erakunde «terrorista bat» da PKK, eta haren burutzat dauka Ocalan. Kenyan atxilotu zuten 1999an, baina berehala deportatu zuten Turkiara. Bizi guztiko espetxe zigorra betetzen ari da, bakartuta.

Bursako fiskalak esan du ez dagoela hilda, baina Ocalanen senideak ez dira fio hark esandakoaz. «Ocalan nola dagoen jakingo da uzten baldin bazaie senideei eta abokatuei harekin elkartzen». Nabarmendu zion PKKren liderraren iloba batek Rudaw-ri. Abokatuek ia bi urte daramatzate harekin elkartu gabe. Gertatutakoaren harira kaleratutako ohar batean zehaztu dute 2019ko abuztuaren 7an batzartu zirela harekin azken aldiz —Mehmet anaia, berriz, iazko martxoaren 3an—. Ez dakite nork eragin dituen zurrumurruak, baina badakite zergatik hedatzen diren, noizean behin: «Tartean-tartean sortzen dira zurrumurru horiek. Hori gertatzen da bakartuta dagoelako Imralin, eta inondik ere ez zaigulako uzten informazioa jasotzen». PPK-koak izatea leporatzen zaien beste hiru pertsona ere kartzela berean daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.