Etxebizitza

Hiru ume dituen familia bat kalean geratzeko arriskuan dagoela salatu dute

Aldaketarik ezean, apirilaren 1ean egingo dute etxegabetzea, Bilboko Santutxu auzoan

Bilbon egindako agerraldia. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
2021eko martxoaren 17a
15:48
Entzun

Bilboko AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeak salatu du familia bat kalean gelditzeko arriskuan dagoela Bilboko Santutxu auzoan, etxeko jabeek auzitara jo dutelako eta familia kanporatzeko eskatu dutelako. Etxegabetzeak badu data: apirilaren 1ean egingo dute, lehenago egoera konpontzen ez bada.

Senar-emazteek eta zazpi urteko, sei urteko eta sei hilabeteko seme-alabek osatzen dute familia. Azaldu dutenez, denbora luzea eman dute etxebizitza duin baten bila, «bizigarritasun baldintzak betetzen ez dituzten etxeetan», eta «onddo eta hezetasun artean» bizitzen. Orain Basarraten (Santutxu. Bilbo) bizi dira, eta, esan dutenez, etxebizitza alokatu zutenean «hainbat irregulartasun» gertatu ziren, etxejabeen aldetik zein etxe agentziaren aldetik. Alokairu kontratua sinatu eta gutxira jakin zuten etxea bahitzeko prozesua abiarazita zegoela.

AZETeko kidek salatu dutenez, horren aurrean erakundeek emandako irtenbide bakarra izan da ostatu bateko gela bat eskaintzea familiari. «Guk ez dugu lo egiteko leku bat behar: guk bizitzeko leku bat behar dugu», esan du Leonorrek, kaleratua izateko arriskuan dagoen emakumeak.

«Gero eta gehiago gara miseriara kondenatzen gaituzten etxejabeen gehiegikerien sistematizazioarekin nazkatuta gaudenak", esan dute AZETeko kideek, eta beren aldarrikapenak azaldu dituzte: kaleratze agindua «berehala» gelditzea, eta erakundeek «bizitzeko alternatiba duin bat eskaintzea, ostatuko gela bat ezin baita etxebizitzatzat hartu».

Taldeak iragarri du martxoaren 26an mobilizazioa egingo dutela Santutxun, kaleratzea galarazteko.

 

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.