Euskara
'Arnasa gara' kanpaina abiatu dute, arnasguneetako herritarrak ahalduntzeko
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Uema mankomunitateak sustatu dute kanpaina, herritarren hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eginarazteko asmoz. BERRIA egunkariarekin lankidetzan egingo da.

Euskararentzat arnasgune diren udalerrietako herritarrei aitortza egitea eta, hizkuntza ohituren inguruan hausnarketa sustatuz, euskaraz hitz egiteko ahaldundu daitezen animatzea. Bi helburu horiek izango ditu Arnasa gara kanpainak. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Uema mankomunitateak gaur goizean egin dute haren aurkezpena, Etxarri Aranatzen (Nafarroa), eta duela bi urte egindako kanpainaren asmoetan sakonduko du aurtengoak. Hizkuntza ohituretan hausnarketa bultzatzeko zortzi bideo labur sortu dituzte, eta beste horrenbeste elkarrizketa egin dizkiete pertsona ezagunei, horretan sakontzeko. Datozen bi hilabeteetan ikusi ahal izango dira bideoak sare sozialetan, eta elkarrizketak zuzenean emango dituzte BERRIA egunkariaren eta Arnasa Gara kanpainaren Instagram kanaletan.
Esketx formatuko bideoak izango dira, eta horietako bakoitzean zortzi egoera irudikatuko dituzte. Martxoaren 22tik maiatzaren 16ra arte, aste bakoitzean gai bat izango dute hizpide, eta elkarrizketak egingo dizkiete, besteak beste, Antton Telleriari, Aitziber Garmendiari, Eñaut Elorrietari, Ander Lipusi, Iratxe Urkiagari edo Sambou Diabyri.
Hiru erakunde publikoren arteko lankidetza izango du kanpaina horrek, eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak ere arlo hori nabarmendu du, eta gogorarazi Euskararen Agenda Estrategikoan ezarrita dagoela arnasguneak zaindu eta indartu behar direla. “Helburu hori erdiesteko bidea da guretzat programa hau”. Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak ere arnasguneek duten garrantzia azpimarratu du, baina, era berean, hizkuntza ohiturak aztertu eta kontziente izateko beharra herritar denei dagokiela ere esan du. Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak, azkenik, gogotsu ikusi du mankomunitateak urte askoan esan eta aldarrikatu duena —arnasguneak garrantzitsuak direla euskararen normalizazioan— orain hainbat erakunde publikok “onartzen eta zabaltzen dutela”.
Datozen bi hilabeteetan eskainiko diren bideoak Hiru Damatxo komunikazio zerbitzuak ekoiztu ditu, eta, kanpaina amaitzen denean, Uemak erabiliko ditu, mankomunitateko kide diren herrietan indarrean dituen hezkuntza proiektuetako tailerretan.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.