Islandia

Islandiako erupzioaren irudi ikusgarriak hartu dituzte, drone batekin

Sumendiak bisitari ugari erakarri ditu asteburuan, eta ustez galdurik dauden pertsona batzuen bila ari dira agintariak.

jarraia195291.jpg
Edu Lartzanguren.
2021eko martxoaren 22a
12:58
Entzun

Laba jaurtitzen ari da oraindik ere Islandiako hiriburutik kilometro gutxira dagoen Fagradalsfjall sumendia. Ostiral gauean hasi zen erupzioa, eta ez zen ustekabea izan, herrialdea alerta gorenean baitzegoen, sumendien adituek iragarria zutelako edonoiz has zitekeela. Azken egunetan 40.000 lurrikara pairatu dituzte islandiarrek, eta joan zen ostegunean, 400.

Erupzioaren irudi ikusgarriak hartu dituzte, baina Bjorn Steinbekkek grabaturikoek ez dute parekorik. Drone batekin, laba isuriari jarraitu dio, lurraren azpitik ateratzen den kraterreraino.

Bideo eta irudi gehiago zabaldu ditu Steinbekkek bere Instagram kontuan.

Asteburuan milaka pertsona joan dira erupzioa ahalik eta gertuenetik ikustera. Izan ere, adituek iragarri zuten ez zela erupzio lehergarririk izango, baizik eta laba isuri geldo eta lasaia.

Edonola ere, bart eguraldia asko kaskartu da, eta ez zegoen ustez erupzioa ikustera joandako pertsona batzuen berririk. Auto bat abandonaturik topatu dute inguruan, eta erreskate taldeak inguru hartara joan dira, Iceland Monitor webguneak zabaldu duenez. Ez dago argi zenbat pertsona inguratu ziren sumendira auto horretan. Asteburuan dozenaka pertsona erreskatatu behar izan dituzte, tartean jantzi egokirik ez zeukan jendea.

Agintariek ingurua itxi dute, sumenditik gas asko ateratzen ari delako. Jendea hil dezakete, ibarretan pilatzen badira.

«Sumendira hurbiltzea oso arriskutsua da orain», esan du Islandiako larrialdi zerbitzuak. Adituek uste dute balitekeela kraterrik handiena lehertzea eta, horren eraginez, labaren isuria azkar aldatzea.

Laba darion arrakalak 180 metro inguruko sakonera dauka, eta hainbat zulotatik ari da laba ateratzen. Adituek ohartarazi dutenez, erupzioa gertaera askoz handiago baten parte bat besterik ez da, eta litekeena da beste erupzio bat hastea beste tokiren batean.

2010ean Eyjafjallajokull sumendiaren erupzioak Europa osora barreiatu zituen errautsak; hainbat aireportu ixtea eragin zuen eta milaka hegaldi geratu ziren bertan behera. 10 milioi pertsonari eragin zien horrek eta 1.270 milioi euroko galera.

Islandiako sumendien erupzioek Europa eta, hein batean, munduaren klima aldatzeko ahalmena izan dute iraganean. 1783. urtean, Laki eskualdeko sumendiek hautsa eta gasak etengabe kanporatu zituzten, zortzi hilabetez. Hondamendi handia eragin zuten: airea eta zorua pozoitu zituzten, eta uharteko animalien erdiak hil zituzten. Pozoiak eta goseteak uharteko biztanleen %25 hil zituzten (9.000 pertsona, hainbat kalkuluren arabera). Baina Islandiatik harago ere eduki zuen eragina: sumendiek jaurtitako azido sulfurikoaren tantatxoek Eguzkiaren izpien ispilu egin zuten atmosferan, eta planeta hoztu zuten urtebetez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.